Indarkeria matxista

Abanton emaztea eta alaba hiltzeaz akusatutako gizona epaitzen hasiko dira bihar

2020ko martxoan izan ziren hilketak; 54 eta 24 urte zituzten biktimek. Fiskalak 47 urteko espetxe zigorra eskatu du.

Abanton, hilketen aurka egindako elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA / FOKU
2022ko irailaren 12a
13:39
Entzun

2020ko martxoan Abanton (Bizkaia) emaztea eta alaba hiltzea egotzitako gizonaren aurkako epaiketa hasiko da bihar Bilbon. Fiskaltzak 47 urteko espetxe zigorra galdegin du harentzat: 24 emaztea hiltzeagatik, eta 23 alaba hiltzeagatik; azpikeria, ahaidetasun eta genero larrigarriak ezartzea eskatuko du. Akusazio partikularrak, berriz, 25 urteko kondena galdegin du hilketa bakoitzagatik.

Etxean aurkitu zituzten hilda ama-alabak, 2020ko martxoaren 11n, indarkeria zantzuekin; 54 urte zituen Miren Urangak, eta 24 Paola Mendezek. Ertzaintzak Portugaleten (Bizkaia) aurkitu zuen ustezko hiltzailea, trasteleku batean, botika batzuk hartuta; 60 urte zituen gizonak orduan, eta emaztearekin eta alabarekin bizi zen. Fiskaltzaren txostenaren arabera, kolpeka eta labankadaka hil zituen.

Herri epaimahai batek epaituko du gizona; gaur hautatuko dituzte kideak. Bihar, berriz, alde bakoitzak bere txostenak aurkeztuko ditu, eta akusatuak deklaratuko du. Ondorengo egunetan galdekatuko dituzte lekukoak eta perituak, hilaren 22ra arte; epaimahaia 26an bilduko da berriro, deliberatzeko.

Gipuzkoako bortxatzailea, berriz epaiketara

Gipuzkoan hainbat bortxaketa egitea leporatutako gizona berriz epaituko dute datorren astean. Honezkero hamabi eta bederatzi urteko espetxe zigorrak ezarri dizkiote Beasainen eta Lasarte-Orian egindako erasoengatik, eta, orain, Andoainen, Tolosan eta Anoetan egindakoengatik epaituko dute. 2012ko abuztutik irailera bortxaketa bat egiteaz eta beste bitan saiatu izanaz akusatuko dute; Fiskaltzak 28 urteko zigorra eskatuko du guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.