Suedia

Eskuineko blokea aurretik doa Suedian, behin-behineko emaitzen arabera

Sozialdemokratek berriz irabazi dituzte bozak, baina oposizioa faborito da gobernua osatzeko. Eskuin muturrak aurrea hartu die kontserbadoreei, eta bigarren indarra bilakatu da.

Ulf Kristersson Alderdi Moderatua kontserbadorearen buruzagia, atzo gauean, Stockholmen. Hura da gobernua osatzeko faboritoa. FREDRIK SANDBERG / EFE
ander perez zala
2022ko irailaren 12a
14:59
Entzun

Hauteskunde lehia oso estua izaten ari da Suedian. S Sozialdemokratak alderdiak berriz ere irabazi ditu parlamenturako bozak, babesen %30,5 bilduta, baina, eskuin muturraren gorakadaren ondorioz, eskuineko blokea doa aurretik, eserleku bakarraren aldeaz. Oposizioa, hortaz, faborito da gobernua osatu eta bi legealdiren ostean agintera itzultzeko.

Botoen %95 zenbatuta, Sk duela lau urteko emaitza hobetu du, eta 108 diputatu izango lituzke parlamentuan, 2018an baino zortzi gehiago. Ez da ziurra, ordea, Magdalena Andersson alderdiko buruzagi eta azken legealdiko gobernuburuak agintean jarraituko duenik, sozialdemokratek ez bailukete aulkien gehiengo osoa bilduko Andersson babesteko prest dauden alderdiekin: V Ezkerreko Alderdiak 24 eserleku izango lituzke (-7), baita C Zentroko Alderdiak ere (-4), eta MP Alderdi Berdeak, hemezortzi (+2).

Hortaz, denera, ezkerreko blokea 174 diputatutan dago, behin-behinean. Testuinguru horretan, bada oraindik itxaropen izpi bat Srentzat, zenbatzeko falta diren botoek egoera aldatuko dutelakoan; halere, iragan agintaldiak eta kanpainak agerian utzi dutenez, negoziazioak eta gobernabidea ez lirateke errazak izango.

Duela lau urte ere estua izan zen emaitza, eta 134 egun behar izan zituzten gobernua osatzeko —inoiz baino gehiago Suedian—. Gainera, ezkerreko blokeko indarren arteko harremanak ez dira hoberenak: Ck esana du prest dagoela lehen aldiz gobernuan sartzeko, baldin eta V kanpoan gelditzen bada.

Beste aldean, behin-behineko emaitzek 175 aulki eman dizkiote eskuineko blokeari, eta indar harremanetan aldaketa esanguratsu bat islatu dute, SD Suediako Demokratak ultraeskuindarrak aurrea hartu baitio M Alderdi Moderatua kontserbadoreari. Bigarren indarra bilakatuta, SDk 73 eserleku (+11) izango lituzke; Mk, 67 (-3); KD Kristau Demokratek, hemeretzi (-3); eta L Liberalek, hamasei (-4).

Behin betiko emaitzen zain, ikusteko dago Mren buruzagi Ulf Kristerssonek zer jarrera hartuko duen SDri begira. Azken urteetan adierazi izan du inoiz ez lukeela koalizio bat osatuko eskuin muturrarekin, baina duela hilabete batzuk esan zuen SD indar «eraikitzaile bat» dela; iragan azaroan, gainera, aurrekontuetarako itun bat egin zuten ultraeskuindarrek, kontserbadoreek eta demokristauek.

Kristerssonentzat, beste aukera bat litzateke, hamarkadotan bezala, eskuin muturrik gabe gutxiengoan gobernatzea, baina formula hori arriskutsua litzateke gobernabidearen ikuspuntutik; are gehiago kontuan harturik Sk ordezkaritza handiagoa izango duela parlamentuan Mk, KDk eta Lk osaturiko balizko gobernu batek baino.

50.000 botoren aldea

Bi blokeen arteko aldea 50.000 botokoa izanik, alderdi guztiak etzira begira jarri dira jada, egun horretan emango baitu hauteskunde batzordeak atariko emaitzen berri. Posta bidezkoak eta atzerrikoak falta dira zenbatzeko, eta, historikoki, eskuinak lortu izan du babes handiagoa ezkerrak baino. Halere, oro har, boto horiek ez dute egoera irauli izan.

Horregatik, Kristerssonek, garaipena aldarrikatu ez zuen arren, bere burua lehen ministroaren karguan ikusten duela iradoki zuen atzo gauean: «Eskerrak eman nahi dizkiet aldaketa itxaropenez gure alde bozkatu dutenei. Gu, Moderatuak, prest gaude aldaketa hori gidatzeko. Ni prest nago Suediako herritar guztientzako gobernu bat osatzeko».

Ultraeskuindarren buruzagi Jimmie Akessonek, ordea, ohartarazi zion haren alderdiak zeresan handia izango duela eskuineko blokean. «Botere aldaketarik badago, SDk rol garrantzitsua izango du», Akessonen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.