Euskal presoak

Sorzabalen behin-behineko espetxealdia luzatu dute

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du behin-behinean aske uzteko eskaera.

Sorzabalen aldeko elkarretaratze bat, joan den otsailean. GOKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko irailaren 12a
16:02
Entzun

Irailaren 9an, Frantziak Espainiaren esku utzi zuen Iratxe Sorzabal euskal presoa. Frantziako justizia administrazioak ezarritako zigorra bete ostean, Espainiara bidali zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalak ere 24 urte eta erdiko zigorra jarri baitzion joan den otsailean egindako epaiketan. Baina haren abokatuek epaiaren kontrako helegitea jarri dutenez, auzia ebatzi bitartean behin-behinean libre uzteko eskatu zuten haren abokatuek. Orain, Auzitegi Nazionalak erabaki du eskaera aintzat ez hartzea eta Sorzabalen behin-behineko espetxealdia luzatzea.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko epaileek uste dute bidezkoa dela behin-behineko espetxealdia luzatzea, «egozten dizkioten delituen larritasuna» dela eta. ETAk 1996an Gijonen (Espainia) eginiko atentatu batean parte hartu izana egozten diote Sorzabali. Epaiketan, presoak torturak salatu zituen, eta adierazi zuen bere burua erruduntzat jo zuela tortura horiek saihesteko asmoz.

Haren abokatuek helegitea aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean, uste baitute hari ere Atristain doktrina aplikatu ahal zaiola. Xabier Atristainen kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak haren eskubideak urratu zituela, ez ziotelako konfiantzazko abokatua aukeratzen utzi. Abokatuek diotenez, berdin gertatu zen Sorzabalen kasuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.