Memoria

Irunberriko arroilan egon al zinen umetan, ETAko bi kide hil zituzten egunean?

1990eko ekainaren 25ean Nafarroako bazter horretan txangoa egiten ari ziren haur gasteiztarren bila ari da Gure Bazterrak elkartea, hilketa haiek argitzeko asmoz.

Irunberriko arroila. GORKA RUBIO /FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 12a
16:50
Entzun

«1990eko ekainaren 25ean Irunberrira antolatutako txango hartan egondako pertsonen bila gabiltza, haien testigantzak jasotzeko asmoz. Ume horiek 35 eta 45 urte arteko gasteiztarrak izango dira orain». Mezu hori zabaldu du Gure Bazterrak elkarteak. Historia eta etnografia ikertzen aritzen da Oñatiko elkarte hori (Gipuzkoa), eta Pako Aristi kazetari eta idazlearekin batera ekin dio Jon Lizarralde eta Susana Arregi ETAko kideen heriotza ikertzeari.

Duela 32 urteko egun horretan, tiroketa bat izan zen Irunberriko arroilan. Espainiako Barne Ministerioaren bertsioaren arabera, arroilan zeuden hiru pertsona identifikatzera joan zen Guardia Zibilaren patruila bat. ETAko kideek tiro egin zuten orduan, eta Jose Luis Hervas sarjentua hil. Ondoren, ihes egiten saiatu ziren. Guardia Zibilak arroila itxi zuen orduan.

Hurrengo goizean, Jon Lizarralde andoaindarraren eta Susana Arregi oñatiarraren gorpuak agertu zirela zabaldu zuen Guardia Zibilak. Buruan tiro bana zeukaten.

Geroztik, bertsio dantza ibili zuen Espainiako Barne Ministerioak. Hasieran esan zuten taldeko hirugarren kideak, German Rubenach bilbotarrak, egin ziela tiro Lizarralde eta Arregiri, gero bere burua hiltzen saiatzeko. Harrapatuta zeudela ikusita, euren buruaz beste egitea adostu zutela zabaldu zuten. Rubenach larri zauritu zen, baina bizirik iraun zuen.

Rubenachek ukatu egin zuen kideei tiro egin izana, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketan baztertu egin zuen aukera hori. Inoiz ez dute argitu nork egin zien tiro. Gainera, Lizarralderen organoetan Irati ibaiko ura topatu zuten autopsia egitean. «Guardia Zibilaren errugabetasuna ziurtzat ematen dut, zuzenbide estatu bati dagokion bezala. Kontrakoa uste dutenek ekarri beharko dituzte behar diren frogak», esan zuen orduan Jose Luis Corcuera garaiko Barne ministroak (PSOE).

Geroztik, askotan jarri izan dute zalantzan bertsio ofiziala, eta honako susmoa plazaratu dute: ETAko kideak atxilotu, torturatu, eta bertan hil zituztela.

Benetan zer gertatu zen argitzen saiatzen ari dira Gure Bazterrak eta Aristi, eta horren ondorioa da lekukoak aurkitzeko abiatu duten kanpaina. Izan ere, epaiketaren sumarioan aipatzen dute umez beteriko bi autobus zeudela arroilan, gertaerak hasi zirenean. Gasteizko Udal Kirol Erakundeak eraman zituen hara, txango batean. «Bertan egondakoa bazara, txango horretan egondako norbait ezagutzen baduzu» edo gaiaren inguruko «edozein informazio» baduzu, eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Horretarako, posta elektroniko bat zabaldu dute: [email protected].

Hainbat ahotsek eskatu dute azken urteotan gertakari haiek argitzeko. Hilketak gertatu zirenetik 30 urte bete zirenean, 2020an, Sortuko Iosu Lizarralde Aiastuik eta Endika Martinez Zuletek gutun bat plazaratu zuten BERRIA egunkarian. «Gure senide eta lagunekin zer gertatu zen, nork erail zituen, zein baldintzatan erailak izan ziren, eta zergatik erail zituzten jakin behar dugu, egiaren parte garrantzitsua baita eta guk egiari ez diogu mugarik jarriko», idatzi zuten. «Susana eta Jonen heriotzaren inguruan dauden erantzun gabeko galderak, pasarte ilunak eta argitu gabeko zirkunstantzien egia osoa jakitea eskatzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.