Itzaletik argira: Irunberri 30 urte

Iosu Lizarralde Aiastui eta Endika Martinez Zulet
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Irunberriko arroilan gaurdaino argitu gabeko gertakari tragikoa jazo zenetik 30 urte luze pasatu dira. Gertakari haien ondorioz ETAko kide Jon Lizarralde andoaindarra eta Susana Arregi oñatiarra hilik agertu ziren gaurko egunez eta German Rubenach larriki zauritua bezperan.

Itzal asko daude han gertatutakoaren inguruan, eta bi mezu nagusi zabaltzera gatoz gaurkoan: argia behar dela exijitzera eta gure herrikideak ahanzturan eror ez daitezen oroimenean ditugula berrestera.

Argia behar dela exijitzen dugunean egia itzaletik argira atera behar dela esan nahi dugu. Irunberriko arroilan gertatutakoa ikertzeko abian jarri ziren ikerketa bakanek ibilbide judizial laburra edo gorabeheraz betea izan zuten, eta ezinezkoa izan zen gertatutakoaren egia jakitea. Guardia Zibilaren bertsio ofizialaren arabera, batak bestea tirokatuz beraien buruaz beste egin zuten ETAko kideek, baina froga forentseek eta argitu gabeko datuek ez dute bertsio hori babesten. Jose Luis Corcuera garaiko Barne ministroak adierazi zuenez: «La inocencia de la Guardia Civil la supongo, como corresponde a un estado de derecho. Serán los que opinen lo contrario quienes deban aportar la pruebas necesarias». 30 urte beranduago, elementu gehiegi dirabertsio ofiziala kontrajartzen dutenak, eta hasieratik argi izan dugu Jon eta Susanak ez zutela beren buruaz beste egin, bertsio ofizialak aditzera eman nahi izan zuen bezala. Ozen diogu Jon eta Susanaren heriotzaren inguruko egia oraindik ez dakigula, eta jakiteko dugun eskubidea exijitzen dugu. Bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko eskatzen dugu.

Gure senide eta lagunekin zer gertatu zen, nork erail zituen, zein baldintzatan erailak izan ziren, eta zergatik erail zituzten jakin behar dugu, egiaren parte garrantzitsua baita eta guk egiari ez diogu mugarik jarriko. Susana eta Jonen heriotzaren inguruan dauden erantzun gabeko galderak, pasarte ilunak eta argitu gabeko zirkunstantzien egia osoa jakitea eskatzen dugu.

Baina gaur, askatasunaren aldeko borrokaren garrantzia eta bide luze eta gogor honetan den-dena eman duten Susana, Jon eta German gogora ekarri eta beren eskuzabaltasuna balioan jartzeko desioa ere adierazi nahi dugu.

Azken urteotan Ezker abertzale osoaren estrategia aldaketak nazio askapen prozesua aurrera eramateko baldintza berriak sortu ditu. Dena dela, atzera begiratu bakoitzean beti oso aintzat hartu behar dugun gogoeta bat ekarri nahi dugu irakurle guztien hausnarketa pizteko. Fase berri batean gaude, dudarik gabe, eta aukera berriak sortu ditugu, ezin ukatu. Baina guk ez diogu sekula bizkarrik emango askatasunaren sarrera ateetaraino ekarri gaituzten kideei. Oker dabil kontrakoa espero duena. Autokritika eta gizatasuna azken bururaino eramanda ere, guztien ekarpena balioan jarriko dugu.

Beraz, ez dugu onartuko inposatu nahi diguten hipokrisiaz jositako injustuaren inguruko eztabaida semantikorik. 30 urte hauetan guztietan justiziak ez baitu gure aterik jo. Justuaren eta injustuaren eztabaidan ez gara gu moral bikoitza erakusten dugunak. Gaur, Jon eta Susana erail eta German larriki zauritu zuteneko 30.urteurrenean, indarkerien ondorioei buruz bi hitz esan nahiko genituzke. Hasteko eta bat, jokabide etikoaz ari garelarik, eztabaida honi abiapuntu sendoa jarri nahiko genioke. Inork, gobernu arduretan egon diren alderdi politikoen ordezkariek ere, ezin dute ez ikusiarena egin, denek eta salbuespenik gabe indarkeriaren erabilpenean erantzukizunak izan dituztelako eta kasu batzuetan jarraitzen dutelako izaten. Gaur, euren neurriko etika adierazpenak exijitzen dizkiguten horiei, bortxaren sorburua eta ardura alde bakar batean kokatu eta sufrimendua kategorizatzeko saiakera diskriminatzailea ez dugula inoiz onartuko esan nahi diegu.

Bestalde, beraien gogoz kontra sortu den denbora politiko berri honetan bakea, normalizazioa eta eskubide guztien errespetua helburu daukagulako, esan nahi dugu elkarbizitza eraiki aldera beharrezkoa dela biktima guztiei zor zaien aitortza, justiziaeta erreparazioa ematea. Eta hori benetakoa izan dadin, gizarte honi normalizazioaren bidean ariketa baliagarri gerta dakion biktima guzti-guztiek jaso behar dutela, inongo bazterketarik gabe. Ez gaude prest lehenengo eta bigarren mailako herritarrez hitz egiteko; ez gaude prest, ondorioz, biktima errespetagarriez, batetik, eta, bestetik, ahaztu beharrekoez hitz egiteko.

Biktima guztiei zor zaie aitortza, guztiei, azkeneko 50 urteotan estatuen bortxaren ondorioz hildako ehunka euskal herritarrei ere bai, baita milaka torturatuei ere. Horiek guztiek, tokia eta errekonozimendua edukiko dute, noiz edo noiz, herri honetan gertatu diren eskubide bortxaketa guztiak ikertuko dituen egiaren batzordean.

Egoera hau gainditu beharra, horretarako orube demokratikoa eraiki eta egia osoa ezagutzeko ezinbestekotasuna izan dira, eta badira gatazka konpontzeko gakoak, eta denok batera jo behar dugu orain artekoa errepikatu ez dadin, eta herri honen eta herritarren eskubide guztien aitortza eta errespetua denon zoru demokratikoa izan daitezen.

Tamalez Euskal Herri osoan zehar egiarik gabeko kasuak ditugu, heriotza eta erailketa kasu ilunak, argitu gabeak, eta gaurkoan idatzi honetan gogora ekarri nahi ditugu egiaren bila bizitza erdia dedikatu zuten senideak, egia ukatuta joan zitzaizkigunak. Oroimen beroena Susana Arregiren neba zen Karmelorentzat eta Jose Luis aitarentzat, eta Jon Lizarralderen ama zen Dominika Urretarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.