Espazioa

NASAk irailaren 23an egingo du Artemis misioari ekiteko hirugarren saiakera

Agentziaren arabera, konpondu dituzte Orion kapsularen arazoak. Irailaren 3an egin zuten azken saiakera. Misio horren bidez, emakume bat bidaliko dute Ilargira 2025ean.

SLS espaziontzia 'Orion' kapsularekin, Cañaveral lurmuturrean (AEBak), abuztuaren 29an. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 12a
17:14
Entzun

Hirugarren saiakera izaten omen da ona. Hori egiaztatuko du NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak datorren irailaren 23an: orduan saiatuko dira Artemis I misioari ekiten. Aurrez, bi saiakera egin zituzten, abuztuaren 29an eta irailaren 3an, baina Orion kapsulak izandako akats batzuk tarteko, huts egin zuten biek. 2025ean emakume batek Ilargia zapaltzea du helburu Artemis misioak.

Arazo horiek, ordea, konponduta daudela jakinarazi du NASAk. Uste baino azkarrago, gainera: jaurtiketa plataforman bertan egin dituzte konponketak —Cañaveral lurmuturrean (Florida, AEBak) dago—, eta ez dute espaziontzia egin zuten fabrikara itzuli behar izan. Horri esker, denbora aurreztu dute, baita dirua ere.

Misioa martxan jartzea eragotzi zuen akatsa hidrogeno likidoaren propultsatzailean atzeman zuten. Oraindik, ordea, probak egin behar dituzte, baieztatzeko arazoa konpondu dutela. Irailaren 17an egingo dute hori.

Hala, irailaren 23an saiatuko dira misioari ekiten, eta, berriz ere akatsen bat izango balitz, irailaren 27an egingo lukete laugarren saiakera. 23an bada, Euskal Herrian 12:47ak direnean egingo dute jaurtiketa, eta, 27an bada, 17:37ak direnean. Ondo bidean, proba horrek 42 egun eta hiru ordu iraun behar du. Tripulaziorik gabeko proba bat da martxan jarri nahian dabiltzana (hiru maniki joango dira barnean).

Gizon zuriak

Gizakia 1972. urtean izan zen azken aldiz Ilargian, eta orduko hura berritzea nahi du NASAk orain. Lehenbizikoz emakume bat bidaltzen ez ezik, beste alderdi bati dagokionez ere estreinakoa izan nahi du NASAk: pertsona arrazializatu bat ere izango da astronauten artean.

Gaur-gaurkoz, Ilargian izandako pertsona guztiak gizon zuriak izan dira. Zenbait emakumek eta gizon arrazializatuk ere egin dituzte misioak espaziora, baina sekula ez dira atera Lurraren orbitatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.