Artemis misioaren hasiera bertan behera utzi du NASAk

Tripulazioarik gabeko espedizioa zen. 2025ean Ilargira emakume bat bidaltzea du helburu misioak

2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

WASHINGTON. Artemis misioaren hasiera bertan behera utzi zuen NASAk atzo arratsaldeko lehen orduan, Floridan (AEB), motorretako batean izan zen arazo baten ondorioz. 2025ean emakume batek Ilargia zapaltzea du helburu Artemis misioak, eta atzo 14:30ean abiatzekoa zen, tripulaziorik gabeko proba batekin. Motorretako batean, ordea, jario bat antzeman zuten, eta azken orduan bertan behera utzi zuten.

 

Lehen proba honek 42 egun eta hiru ordu iraun behar zuen, NASAren esanetan. Aireratzekoa zen espaziontziak Orion du izena, eta, lehenbiziko joan-etorri honetan, barrenean hiru maniki izango ditu.

NASAk esan zuen aurrerago zehaztuko duela noiz espazioratuko duten Orion. Irailaren 2an edo 5ean izan daiteke, NASAk aurretik, arazoak egonez gero, aurreratu zuen moduan.

2025erako zehaztu dute misioaren helburu gorena. Lehenbiziko emakumea bidali ez ezik, beste alderdi bati dagokionez ere estreinakoa izan nahi du NASAk. Adierazi dutenez, pertsona arrazializatu bat ere izanen da astronauten artean.

Gaur-gaurkoz, Ilargian izandako pertsona guztiak gizon zuriak izan dira. Zenbait emakumek eta gizon arrazializatuk ere egin dituzte misioak espaziora, baina sekula ez dira atera Lurraren orbitatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.