Frantziako Hezkuntza Ministeriotik zenbait emaitzarekin itzuli nahi du EEPk

Bilkura eginen dute bihar, Parisen, euskarazko irakaskuntzaren garapena aipatzeko. Azterketen gaia erdigunean izanen da

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria, agerraldi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 13a
17:36
Entzun

Lehen test bat; tenperatura hartzeko parada izanen da batzuen ustez. Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak «baikor» agertu nahi du, eta gutxieneko emaitza batzuekin itzultzea espero du. «Bederen brebeta laxa dezatela, gazteak bakean utz ditzatela», adierazi dio BERRIAri. «Brebeta [Bordeleko] errektoretzak kudeatzen du. Aski da Parisek argi berdea ematea, gutun bat bidaltzea, eta afera konpondua da».

Frantziako Hezkuntza Ministerioan bilkura eginen dute, bihar arratsaldean, EEPko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek euskarazko irakaskuntzaren garapena aipatzeko. Hezkuntza ministroaren kabineteko zuzendariordea eta hizkuntza gutxituetan berezitua den aholkularia izanen dituzte parean. Eta bi aipagai nagusi: euskara hutsean ari diren ikasgelen irekitze publiko eta pribatuan, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea. «Ikasturte honetarako irekitze bat baino gehiago onartu dituzte. Segur izan nahi dugu baldintzarik gabe onartuak izan direla, eta ez digutela oztopo berririk ezarriko», esplikatu du Kurutxarrik.

Horien artean da Irisarriko (Nafarroa Behera ) eskola publikoa. Aurten, lehen mailan ere indartuko dute euskararen presentzia. Lehen urtean, euskara hustean izanen dituzte lehen hiruhilekoko eskola orduak; ondoren, %75 eginen dituzte euskaraz, hirugarren urtea bukatu arte. Laugarren eta bosgarren urteetan, oren parekotasunean oinarritutako elebitasunarekin segituko dute. Bide horri atxiki nahi zaio EEP. «Ministerioari helarazi nahi diogu murgiltzea lehen etapa bat dela ibilbide elebidun orokor bat egiteko publikoan eta katoliko pribatuan», adierazi du Kurutxarrik. Hemendik aitzina, jarrera «proaktibo» batekin aritu nahiko luke EEPk, eskola publikoei begira lan berezia eginez euskarazko irakaskuntzan aitzina egin dezaten; «plangintza edo eskema bat» proposatu nahi diete Parisko erabakitzaileei.

Seaskaren hitzarmena

Azterketen gaiak sor lezake tentsio gehiago. «Frogatu nahi diegu ez dela inolako arazorik, ez hizkuntza mailan ezta teknikoki ere». Horiek baitira Frantziako Hezkuntza administraziotik eman izan dituzten argudioak. «Haurren ibilbide osoan behin baino gehiagotan aztertua da ikasleen frantses maila; brebeta aitzin zertifikatua da», ohartarazi du Kurutxarrik. Joan den ekainean, euskaraz erantzundako brebetako zientzia azterketen zuzenketa antolatu zuen Seaskak Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, teknikoki posible dela erakustera emanez.

Baxoa «konplikatuago» ikusten du Kurutxarrik, baina «xantierra abiatu» nahi dutela erran du. Seaskak, EEP, eta Frantziako Estatuak 2019an izenpetu zuten hitzarmenean, ikasleek baxoko azterketa batzuk euskaraz egiten ahalko zituztela adostu zuten, alta, hitza jan du administrazioak. Ekainean bukatu zen hitzarmena, eta dokumentu berriaren edukia negoziatzen ari dira momentu hauetan. Seaskak errana du gutxieneko lorpen batzuk kausitu ezean ez duela hitzarmena izenpetuko. Pentsa daiteke adostutakoa beteko dela segurtatzeko bermeak ere eskatuko dituztela. Biharko bilkurak Parisen borondatea neurtzeko balioko du zentzu horretan.

Azterketak Euskaraz kolektiboak espero du Parisko bilkurak «aterabideak» ekarriko dituela. «Ez balitz hala, gure aldarrikapena lortu arte borrokatzen segituko dugu, tinko eta gogotsu», adierazi dute agiri batean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.