Oroimena

Polloeko mausoleo frankistari «esanahia aldatzeko» neurriak aurkeztu dituzte

Hilobiraturiko miliziano ezagunen izenak jasoko dituen plaka bat eta eskultura bat ezarriko dituzte, gaur hilerrian bertan eginiko ekitaldi batean iragarri dutenez

Gaur eginiko agerraldia, Polloeko hilerriko mausoleoan. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 13a
20:18
Entzun

Data sinbolikoa aukeratu du Donostiako Udalak Polloeko hilerrian dagoen mausoleo frankistarekin zer egingo duen iragartzeko: matxino faxisten tropek Donostia okupatu zuteneko 86. urteurrena. Monumentuari «esanahia aldatzeko», hainbat ekintza egingo dituzte, baina baztertu egin dute han hobiraturik dauden miliziano errepublikazaleak identifikatzea, aztarnak oso hondatuta daudelako.

Aurtengo maiatzean jakinarazi zuen Aranzadi zientzia elkarteak mausoleo frankistan miliziano antifaxisten gorpuak zeudela hobiraturik, «gutxienez» hamazazpi. EH Bilduk proposatuta, Donostiako Udalak eskatu zion Aranzadiri ikertzeko Polloekoak legea urratzen ote zuen. Historialariek ondorioztatu zuten mausoleoa gerra amaitu bezain pronto eraiki zutela, eta han hobiraturiko 121 pertsonaren izen zerrenda osatu zuten. Izenak banan-banan aztertuta, ikusi zuten horietako gutxienez hamazazpi miliziano anarkistak, komunistak eta sozialistak zirela, Donostia tropa faxistetatik defendatzera joandakoak.

Kanposantuaren ekialdean dago hobia, harrizko gurutze handi baten azpian. Horretan plaka bat zegoen, testu honekin: «Espainiaren eta Jainkoaren idealak defendatzeagatik hil zituztenen oroigarri». Lurperaturikoen izen-abizenak agertzen ziren. Gehienak poliziak, militarrak edo guardia zibilak ziren. Maiatzean kendu zuten plaka hori.

Hilerrian bertan egin dute ekitaldia, gaur arratsaldean. Gogora institutuaren izenean egon da han Aintzane Ezenarro, eta, iragarri duenez, orain arte ziurtatu diren hamazazpi miliziano horien izenak jasoko dituen plaka bat jarriko dute monumentuan. Horrekin eman nahi diete «duela 86 urte eduki ez zuten omenaldia eta agurra», Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburuak ekitaldian esan duenez.

Eneko Goia hiriko alkateak azaldu duenez, eskultura bat jarriko du hobian, «hemen dautzan biktimak gogoratzeko», eta iraganaren inguruan hausnartzeko.

Uztailaren amaieran, bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalak eta biktimen senideek, monumentuarekin zer egin aztertzeko. Adierazi dutenez, han adostu zuten monumentuari esanahia aldatzea. Biktimen senideak ere egon dira ekitaldian.

Aranzadiko antropologo Lurdes Herrastik azaldu du ezinezkoa dela mausoleoan dauden berrehun pertsonen gorpuzkiak identifikatzea, egurrezko hilkutxak usteldu egin direlako, eta hezurrak nahastuta daudelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.