Energia krisia

Energia konpainien irabazietatik 140.000 milioi euro bildu nahi ditu Europako Batzordeak

«Garai hauetan ez da zuzena aparteko irabazi errekorrak jasotzea gerratik, kontsumitzaileen bizkar», esan du Ursula Von der Leyenek Europako Parlamentuan. Errusiaren kontrako zigorrek indarrean jarraituko dutela berretsi du.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea gaur Estrasburgon, Europako Parlamentuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Irune Lasa.
2022ko irailaren 14a
12:12
Entzun

Argindar merkatuetan esku hartzeko neurriak zehaztuz doaz Europan. Argindarra merkeago sortzen duten energia konpainien ustekabeko mozkinak mugatzea eta haiek banatzea, argindarraren prezioa gasarenetik bereiztea, gasaren preziorako erreferentziak aldatzea...

Irailaren 30ean dute egitekoa Energia ministroen goi bilera, erabakiak hartzen hasteko, eta horretarako negoziazioen oinarri izango da gaur eguerdian Europako Batzordeak xeheago aurkeztuko duen proposamena. Hala ere, Ursula Von der Leyenek jada aurreratu ditu batzuk gaur Europako Parlamentuan egin duen hitzaldian. Besteak beste, azaldu du herrialdeek 140.000 milioi euro bildu ahalko dituztela energia enpresen irabaziei jarritako mugarekin.

Batzordeko presidenteak urtero egiten du hitzaldia parlamentuan, Batasunaren egoerari buruzko eztabaidaren hasieran. Aurtengoa, dena den, berezia izan dela esan daiteke, Ukrainako gerra erdigunean izan delako, eta aurrekoetan baino diskurtso kartsuagoa egin nahi izan duelako Von der Leyenek.

Horren erakusgarri, Batzordeko buruaren janzkera bera: blusa urdina eta jaka horia, Ukrainako banderaren koloreak, zeinak EBko banderaren kolore berak ere badiren. Ez da bakarra izan urdinez eta horiz jantzita. Komisario batzuek eta parlamentuko kide batzuek ere —emakumeak guztiak— keinu hori egin nahi izan dute. Europako Parlamentuan egon da, halaber, gonbidatu nagusi gisa, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen emaztea, Olena Zelenska.

Von der Leyenek esan du Ukrainako gerrarengatik jarritako zigorrek dardarka jarri dutela Errusiako industria: «Tresneria militarrerako piezak garbigailuetatik hartzen ari dira, erdieroaleak falta dituztelako. Eta zigorrak «jarraitzeko daude hor», berretsi du.

Aitortu du, hori bai, Errusiarekiko menpekotasunak dituela Europako Batasunak. «[Vladimir] Putin ezagutzen zutenei entzun behar geniela da gerra honen lezioetariko bat». Errusiako gasaren menpekotasunetik askatzeko ahaleginak aipatu ditu, erregai fosilaren biltegiratzea %84 dela esanez, Europak iaz bere gasaren %40 inportatu zuela Errusiatik eta aurten soilik %9.

«Baina Errusiak gure energia merkatua manipulatzen jarraitzen du», salatu du Von der Leyenek. Batzordeko presidentearen arabera, energia kontsumoa murrizteko neurriekin jarraitu behar du Europak, horrekin prezioak beheratzeko. Batasuneko herrialdeek familiei eta enpresei laguntzeko egindako ahaleginak ere goratu ditu.

«Baina badakigu ez direla nahikoa», esan du, eta proposatu du argindarra kostu txikian sortzen duten konpainien irabaziak mugatzea, eta mozkin horiek erabiltzea «gehien behar dutenei laguntzeko».

«Konpainia horiek amestu ere egiten ez zituzten etekinak lortzen ari dira. Gure merkatu sozialeko gizartean etekinak onak dira. Baina garai hauetan ez da zuzena aparteko irabazi errekorrak jasotzea gerratik, kontsumitzaileen bizkar. Garai hauetan, etekinak partekatu egin behar dira, eta gehien behar dutenei bideratu».

Irabazien gaineko muga horretatik, Von der Leyenen arabera, herrialdeek 140.000 milioi euro lortu ahalko dituzte «krisiaren kolpea leuntzeko».

Gasaren prezioari dagokionez, Batzordeko presidenteak berretsi du egun Europako merkatuetako erabiltzen den TTF erreferentzia ez dela egokia, merkatua bera aldatu egin delako, gasbidez datorren gasa gutxitu egin delako, eta nabarmen gehitu merkatuan salerosten den gas natural likidotua.

Argindarraren merkatua

Von der Leyenen ustez, egungo argindarraren merkatu marjinalista «ez da zuzen ari kontsumitzaileekin», ez dituelako jasotzen kostu txikiko berriztagarrien onurak. Bereziki argindarraren prezioa gasarenetik askatzeko beharra azpimarratu du.

Etorkizunera begira, iturri berriztagarrien aipamena egin du, baina hidrogeno berdeari garrantzi berezia eman dio. «Hidrogenoak Europaren jokoa alda dezake». Uste horretan, Batzordeak Hidrogenoaren Bankua eratuko du, 3.000 milioi euro inbertitzeko hidrogenoaren merkatuaren sorrera sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.