Energia berriztagarriak

Azpeitiko Udalak herri batzarrera deituko du parke eolikoaz aritzeko

Norvegiako Statkraft enpresa publikoak atzo aurkeztu zizkion Eusko Jaurlaritzari Urola erdialdean eta Aramaion (Araba) eraiki nahi dituen parke eolikoen proiektuak, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak dio batzarrera deituko dutela eta proiektuaren gaineko xehetasunak emango dituela enpresak.

Elgea mendilerroko parke eolikoa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2022ko irailaren 14a
13:42
Entzun

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hedabideen aurrean hitz egin du gaur goizean, Statkraft enpresak Urola erdialdean eraiki nahi duen parke eolikoaren proiektua zertan den azaltzeko. Alkateak dio enpresak oraindik ez duela tramitazio administratiborik egin, eta soilik Iñigo Urkullu lehendakariari aurkeztu diola proiektua. Hala ere, adierazi du uztailean hasi zela udala enpresarekin biltzen, bilera «informaletan», eta laster enpresak berak herri batzar batean azalpenak emango dituela gehitu du. Batzar horretan eskualdeko enpresa, erakunde publiko, elkarte eta herritarrek parte hartu ahal izango dute, nabarmendu duenez.

Nahiz eta oraindik xehetasun gutxi izan, proiektuak berritzailea dirudiela dio alkateak, bi arrazoiengatik bereziki: lehenik eta behin, alkateak dio proiektua sustatzen ari den erakundea Norvegiako enpresa publiko bat dela; bigarrenik, eta alkatearentzat «garrantzitsuena» dena, enpresak energiaren «sozializazioaz eta demokratizazioaz» hitz egin duela, baita «lankidetzaz» ere. «Enpresak aurkeztutako proiektuak bide bat irekita uzten du enpresek, erakunde publikoek eta herritarrek proiektuaren garapenean parte hartzeko, eta uste dugu bizi garen sistema honetan elementu berritzaile bat dela, eta aukera moduan ikusten dugu», esan du Alkortak.

Parke eolikoaren kokapenari buruz ere galdetu diote alkateari, baina esan du oraindik ez dagoela guztiz zehaztuta proiektua non garatuko den, enpresak oraindik ez baitio ekin proiektuaren tramitazio administratiboari.

Bi parke eoliko

Norvegiako Statkraft enpresak bi parke eoliko eraikitzeko asmoa du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean eraiki nahi du lehena, Piaspe izenekoa, eta 32 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du. 32 megawatteko potentzia izango du, eta urtean 84,7 gigawatt-ordu produzituko ditu. 24.000 etxe ingururi emango dio energia. Bigarren parkea Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan eraiki nahi dute, eta Itsaraz izena izango du. Piaspe baino potentzia handiagoa izango du, 52,8 megawatt. Urtean 153,8 gigawatt-ordu sortuko ditu parke horrek, eta 44.000 etxe inguru hornituko ditu. 60 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du, 92 milioi euro bi proiektuek.

Piaspek 50 megawatteko potentzia gaindituko ez duenez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean tramitatu beharko du enpresak, baina, Itsarazek potentzia hori gaindituko duenez, Espainiako Industria Ministerioan egin beharko du tramitazio administratiboa.

Enpresak espero du tramiteetan arazorik ez egotea, eta 2026an dute asmoa eraikitzen hasteko, 2027an martxan jartzeko.

Proiektuaren aurka, batzarra

Herritar askok ez dute begi onez ikusi Azpeitian parke eoliko bat eraikitzeko proiektua, eta hasiak dira horren aurka antolatzen. Hori dela eta, datorren asteazkenean, irailaren 21ean, batzar ireki bat egingo dute hainbat herritarrek, eta gaiaren inguruko interesa duen oro gonbidatu dute parte hartzera. Sindikatu Zaharrean izango da batzarra, 21:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.