Selekzioa

Espainiako edo Frantziako elastikoa janztera behartuko dute Kirol Anitzeko Europako txapelketan

Gu Ere Bai plataformak agerraldi bat egin du hori salatzeko, eta iragarri du kirolari batzuek «Euskal Herriko koloreak» jantziko dituztela

Gu ere Bai plataformako kideak, gaurko agerraldian. GOTZON HERMOSILLA
gotzon hermosilla
2022ko irailaren 15a
11:58
Entzun

Larunbatetik aurrera, Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa egingo dute Bizkaian. Triatloiaren arloko probarik garrantzitsuenetako bat da, eta ia 3.000 kirolarik parte hartuko dute, sei kirol diziplinatan: duatloia, duatloi krosa, akuatloia, triatloi krosa, aquabikea eta distantzia ertaineko triatloia. Europa osoko kirolariak etorriko dira Euskal Herrira txapelketan parte hartzera, baina antolatzaileek iragarri dute nork bere estatuko elastikoa eraman beharko duela eta hori egin ezean deskalifikatu egingo dituztela.

Gu Ere Bai plataformak salatu du euskal kirolariak «Espainiako edo Frantziako koloreak» jantzita parte hartzera behartu nahi dituztela. Gainera, eliteko kirolariez gain, kirolari amateurrei ere eragingo die neurriak. «Iraingarria da Euskal Herrian antolatutako proba batean Espainiako koloreak janztera behartzea», adierazi dute.

Ikusi gehiago:Euskal Herriaren koloreak eramateko eskubidea eskatu dute Europako Multikirol Txapelketaren aurkezpenean

Triatloiaren arloko modalitateek jarraitzaile asko dituzte Euskal Herrian. Asko dira kirol mota hori egiten dutenak eta federazioetan izena emanda dutenak. Hala ere, Gu Ere Bai plataformakoek ikusi dute parte hartzaileen zerrendei erreparatuz gero euskal kirolari gutxi daudela, eta Kataluniatik ere espero baino gutxiagok eman dutela izena. Plataformakoen iritziz, Espainiako elastikoa janztera derrigortzeko erabakia izan daiteke parte hartze urriaren arrazoietako bat.

Plataformakoek «indar egiteko» eskatu diete eragile politiko, instituzional eta kirol arlokoei «bidegabekeria hau gauzatu ez dadin». Haien ustez, Euskal Herriko ikurrekin parte hartzeko eskubidea bermatu behar zaie euskal kirolariei, edo, besterik ezean, nork bere klubeko elastikoa janzteko aukera eman.

Gu Ere Bai plataformako kide Patxi Gaztelumendik iragarri du kirolari batzuek «Euskal Herriko koloreak» jantziko dituztela, eta babesa emango diela plataformak: «Irteera puntuan egongo gara modu batera edo bestera. Espero dezagun zentzuna nagusituko dela eta parte hartu ahal izango dugula beste guztien baldintza berdinetan». Gainera, zaleei dei egin diete larunbatean 09:00etan Bilboko Itsas Museoaren parean biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.