Konpentsazio neurriaren etetea kendu du Paueko Administrazio Auzitegiak

Euskal Hirigune Elkargoak uztailean bozkatu zuen konpentsazio arau berria ontzat eman du, eta 2023ko martxoaren 23an jarriko da indarrean.

Konpentsazio neurriaren etetea salatzeko protesta, ekainean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 16a
17:17
Entzun

«Jarrai dezagun etxebizitzaren alde ekiten». Hitz horiekin jakinarazi du Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Paueko Administrazio Auzitegiaren erabakia: turismorako bizitegien hazkundea oztopatzea xede duen konpentsazio arauaren etetea altxatzea erabaki du. Ontzat eman du Euskal Elkargoan uztailean bozkatu zuten arau berria, eta, beste gorabeherarik ezean, 2023ko martxoaren 23an jarriko da indarrean. «Mobilizazio politiko eta herrikoiak irabazi du», Etxegarairen hitzetan. Gaur-gaurkoz, ez da jakina higiezinen eta turismoaren arloko hainbat eragilek jarritako helegiteen sakoneko azterketa noiz eginen duten.

Agiri batean, etetearen altxatzea txalotu du Alda mugimenduak, eta Euskal Elkargoari eskerrak eman dizkio afera honetan erakutsi duten «deliberamendu eta jarraikitasunagatik». Ipar Euskal Herriko hautetsiek «arduraz» jokatu dutela kontsideratu dute: «nehoiz baino gehiago, etxebizitzaren krisiaren eta espekulazioaren aitzinean, politika boluntaristak eta interes komuna gailendu behar dira merkatuaren lege indartsu eta suntsitzailearen gainetik».

Alda-ren hitzetan, konpentsazio neurriak finantza inbestitzaileak eta banku maileguak gibeleraziko ditu, helegiteen sakoneko azterketaren ondotik Paueko Administrazio Auzitegiak erabakiko duenaren beha geldituko baitira turismora bideratzeko etxebizitzak erosi aitzin.

11.000 bizitegi «libratuak»

Martxoaren 5ean bozkatu zuten lehen aldiz konpentsazio neurria. Printzipio sinple bat aplikatzea proposatzen du: kontsideratzen da bizitegi bat urte guzian turismora bideratua bada, bizitegi hori komertziora bideratua dela. Ondorioz, lokal komertzial bat bizitegi bilakatzeko eskatzen zaio jabeari. Beren etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei dagokie neurria, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Konpentsatzeko, bizitegia hiri berean eskaini beharko dute, eta gutxi gorabehera ezaugarri berdinak izan beharko ditu. Etxebizitzaren tentsio eremuan kokatzen diren Ipar Euskal Herriko 24 herrietan izango da indarrean neurria.

Ekainaren 3an, neurria behin-behinean bertan behera uztea erabaki zuen auzitegiak, proportzionaltasun falta argudiatuta: epailearen arabera, ez da errana jabe guziek neurria betetzeko aukera luketenik. Aferaren sakoneko azterketa egin bitartean neurria eten zuen. Epaitegiak azpimarratutako elementuei erantzuteko, arau berria bozkatu zuen elkargoak uztailaren 9an, moldaketa batzuk eginez. Arau berria Paueko Administrazio Auzitegiari aurkeztu zioten, eta hortik dator gaurko erabakia. Ikusteko dago haren kontrako helegite gehiago jartzen duten ala ez. Alda mugimenduaren arabera, 11.000 bizitegi «libratu» litezke araua aplikatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.