Konpentsazio arau berria bozkatuko du gaur elkargoak

Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpena kontuan hartu, eta egokitzapenak egin dituzte. Turismorako bizitegiak mugatzea da helburua

Aldako kideak, joan den martxoan, etxebizitza eskubidearen aldeko protesta batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Okerrik ezean, bizitegi turistikoen konpentsazio arau berria bozkatuko dute gaur Euskal Hirigune Elkargoko batzarrean. Turismorako bizitegien hazkundea oztopatzeko neurria joan den martxoaren 5ean bozkatu zuten lehen aldiz, baina higiezinen eta turismoaren arloko hainbat enpresak helegitea jarri zuten Paueko Administrazio Auzitegian, eta horrek araua behin-behinean bertan behera uztea erabaki zuen ekain hasieran. Auzitegiak ebazpenean azpimarratu dituen puntuak kontuan hartu, eta arau moldatu bat ezarriko dute bozkagai gaurko batzarrean; 2023 hasierarako ezarri nahiko lukete neurria indarrean. «Guretzat biziki inportantea da neurria berriz bozkatzea», adierazi du Xebas Cristy Alda kolektiboko kideak. «Mezua argi da: konpentsazio araua ezarriko da. Ipar Euskal Herrian etxebizitza arloan inbertitu nahi luketenei segurtasun falta sortuko die horrek. Espero dugu halako operazioak egin nahi dituztenak hoztea».

Printzipio sinple bat aplikatzen du konpentsazio neurriak: kontsideratzen da bizitegi bat urte guzian turismora bideratua bada, bizitegi hori komertziora bideratua dela. Ondorioz, lokal komertzial bat bizitegi bilakatzeko eskatzen zaio jabeari. Beren etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei dagokie neurria, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Konpentsatzeko, bizitegia hiri berean eskaini beharko dute, eta gutxi gorabehera ezaugarri berdinak izan beharko ditu.

Ekainaren 3an, neurria behin-behinean bertan behera uztea erabaki zuen auzitegiak, proportzionaltasun falta argudiatuta: ez da errana jabe guziek neurria betetzeko aukera luketenik. Aferaren sakoneko azterketa egin bitartean neurria eten zuen.

Gaur bozkatuko duten arauak hainbat moldaketa ditu. Lehenik, «konpentsazio tituluak» gehituko ditu. Hau da, etxejabeak konpentsaziorako balio duen lokal komertzialik ez badu, beste bati eros diezaioke titulua. Enpresa kutsatzaile handiei onartzen zaienarekin parekatuko litzateke. Hala ere, Cristyk uste du eragin «marjinala» izanen duela. Arau berrian, etxe beheretan diren lokal komertzialak ere erabiltzen ahalko dira konpentsaziorako, baldin eta karrikara ematen ez badute. Azkenik, aplikazio epea dago. Paueko auzitegiak ebatzi zuen neurria bozkatu zenetik indarrean sartu arteko epea laburregia zela; horregatik finkatu dute 2023. urte hasierarako.

Bozkatutako arau berria auzitegiari aurkeztuko dio Euskal Elkargoak, behin-behineko etetea altxatu dezan. Hala eginen duela espero du Cristyk, neurriak izan ditzakeen eraginetan sinetsirik: 11.000 bizitegi «libratu» daitezkeela zenbatu du Aldak. Inbertitzaile berriak hozteaz gain, jadanik ari direnek jarrera alda dezaketela uste du: «Bizitegien erabilpen aldaketarako baimena ukan dutenek hiru urterako lortu dute; berriz eskatzen badute, konpentsazio neurria bete beharko dute».

Gaur goizean eskuorriak banatuko dizkiete Euskal Elkargoko hautetsiei, turismo arloko enpresek emandako argudioei erantzuna emanez. «Zabaldu dute turismo bizitegietara heldu den publikoak 480 milioi euroko eragina duela lurraldearentzat. Zinezko zenbakia erdia baino gutxiago da». Aldaren arabera, urte osoan bizi direnek ekarpen ekonomiko handiagoa egiten dute. «Bizitza sozialean duen eragina ere kontuan hartu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.