ELAk adierazi du Gipuzkoako egoitzen hitzarmena inpugnatuko duela

UGTk eta Adegi, LAres eta Garen patronalek sinatu zuten dokumentua, joan den uztailaren 29an

ELA sindikatuko kideak eta Haimar Kortabarria abokatua (eskuinean) prentsaurrekoan, Donostian. ELA SINDIKATUA
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 19a
13:22
Entzun

ELA sindikatuaren erranetan, Gipuzkoako egoitzen hitzarmenean agertzen diren materialek egoitzetako langile guztiei eragin behar diete. Baina, dokumentua estatutuz kanpokoa den heinean, sinatu duten sindikatu edo elkarteetara afiliatuta daudenei soilik eragiten die. Beraz, hitzarmenaren eraginkortasunetik kanpo geldituko da egoitzetako langileen hein handi bat.

Dokumentuaren hirugarren artikuluak, ordea, atxikitze araubideak, bi hilabeteko epea ematen die pertsona horiei hitzarmenera «indibidualki atxikitzeko». ELA sindikatuak erran du artikulu hori «diskriminatzailea eta antisindikala» dela, «UGTren interesen alde egitea eta atxikipen epeekin langileei xantaia egitea bilatzen baitu», gehitu du Haimar Kortabarria ELAko abokatuak gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan.

Egoera ikusita, sindikatuak kautelazko neurria eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari, atxikitze formula bertan behera uzteko. «Eskaera da atxikitzeko edozein epe geldiaraztea, demandaren ebazpen judiziala eman arte», nabarmendu du Kortabarriak. Horrekin batera, sindikatuak erabaki du hitzarmena aukeratuko duela. Eta, inpugnazioa onartuz gero, ELAk auzitara eramanen ditu dokumentua sinatu dutenak. Sindikatuak adierazi du behin egoera juridikoa zein den aztertuta mobilizazioei ekinen diela.

Errepikapena

Sindikatuak gogorarazi du 2011n UGTk eta CCOOk eragin mugatuko hitzarmen bat sinatu zutela. ELA ez zen ados agertu, eta gaia auzitara eraman zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak eta Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zioten, eta hitzarmena «ilegaltzat» eman zuten. Sindikatuak nabarmendu du, gainera, garai hartako hitzarmenak eta gaur egungoak atxikimendu testu «oso antzekoak» dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.