Txinako autobus istripu batean 27 pertsona hil dira, COVID-19agatik bakartzera zeramatzatela

47 lagun zeramatzaten bakartze zentro batera, gaitzarekin kontakturen bat izateagatik. «Albo batera erori» zen ibilgailua, tokiko Poliziaren arabera. Igandeko ordu txikietan jazo zen ezbeharra.

Jendea COVID-19 testa egiteko zain, Pekinen. MARK R. CRISINO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 19a
16:04
Entzun

Txinak indarrean du oraindik ere kutsaturik gabeko estrategia, eta baditu bere ondorioak: COVID-19arekin kutsatuz edo kontakturen bat izanez gero, berrogeialdia da autoritateen erantzuna. Oraingoan, hego-mendebaldeko Guizhou probintziara begira dago Txina. Gaitzarekin kontakturen bat izandako 27 pertsona hil dira autobus istripu batean, bakartze zentro batera bidean.

Igandeko ordu txikietan gertatu zen ezbeharra. Guztira 47 lagun zeramatzaten bakartze zentro batera, gaitzarekin kontakturen bat izateagatik. 02:40 aldera, autobusa «albo batera erori» zen, Sandu konderriko Poliziaren arabera —oraindik ikertzen ari dira istripuaren arrazoiak—. 27 hildako eragin zituen istripuak. Gainontzeko hogei zaurituak bertan artatu zituzten, eta larrien zeudenak ospitaleratu egin zituzten.

Guizhouko Alderdi Komunistak heriotzak deitoratu ditu. Halakorik gehiago ez gertatzeko gertatutakotik «ikasi» egin behar dela azpimarratu du: «Aztertu egin behar dira kontakturik izan dutenen garraioa eta ezkutaturik dauden arriskuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.