Txinak indarrean du oraindik ere kutsaturik gabeko estrategia, eta baditu bere ondorioak: COVID-19arekin kutsatuz edo kontakturen bat izanez gero, berrogeialdia da autoritateen erantzuna. Oraingoan, hego-mendebaldeko Guizhou probintziara begira dago Txina. Gaitzarekin kontakturen bat izandako 27 pertsona hil dira autobus istripu batean, bakartze zentro batera bidean.
Igandeko ordu txikietan gertatu zen ezbeharra. Guztira 47 lagun zeramatzaten bakartze zentro batera, gaitzarekin kontakturen bat izateagatik. 02:40 aldera, autobusa «albo batera erori» zen, Sandu konderriko Poliziaren arabera —oraindik ikertzen ari dira istripuaren arrazoiak—. 27 hildako eragin zituen istripuak. Gainontzeko hogei zaurituak bertan artatu zituzten, eta larrien zeudenak ospitaleratu egin zituzten.
Guizhouko Alderdi Komunistak heriotzak deitoratu ditu. Halakorik gehiago ez gertatzeko gertatutakotik «ikasi» egin behar dela azpimarratu du: «Aztertu egin behar dira kontakturik izan dutenen garraioa eta ezkutaturik dauden arriskuak».