Adinekoentzat ehun plaza berri hitzartuko dituela iragarri du Arabako ahaldun nagusiak

Politika orokorreko eztabaida hasi dute gaur Arabako Batzar Nagusietan. Ramiro Gonzalezek iragarri du menpekotasun energetikoa murriztea izango duela xede, eta energia berriztagarrietan EH Bilduk izandako «jarrera aldaketa» txalotu du.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 19a
16:07
Entzun

Arabako Batzar Nagusietan politika orokorrari buruzko eztabaida hasi dute gaur, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak hitzaldia egin du goizean. Azaldu du foru gobernuaren eta aurtengo aurrekontuen lehentasun nagusia «pertsonak eta enpresak babestea» izango dela, «batez ere enpresa txikiak». Arabak hiru eraldaketa behar dituela esan du ahaldun nagusiak: ekonomikoa, energiari eta klima aldaketari lotutakoa, eta zaintzen arloarena.

Zaintzaren arloan, Gonzalezek esan du foru gobernua kontuan hartzen ari dela gizarte politiketan dauden beharrak, nazioarteko «eredurik aurreratuenak» erreferentziatzat hartuta. Iragarri du adinekoentzat ehun plaza berri hitzartuko dituela laster, eta urtarriletik aurrera arabarren egoitza gune berria jarriko dutela martxan– 150 plaza izango ditu adinekoentzat eta desgaitasun fisikoren bat dutenentzat–. Horrekin batera, desgaitasun intelektuala dutenentzat bi egoitza eta eguneko zentro bat irekiko dituzte Arratzua-Ubarrundian, eta autismo nahasmendua dutenentzat beste eguneko zentro bat Laudion. Gainera, aurreratu du Gasteizko Salburua auzoan zaharrentzat eraikiko duten egoitzaren orubea prest dagoela eta 120 plaza izango dituela; eguneko zentroa eta zahartzeari buruzko ikerketa zentro bat eraikiko dituzte bertan. Hori guztia aintzat harturik, orotara, 375 plaza berri sortuko ditu foru gobernuak datozen hilabeteotan adinekoentzat, desgaitasunen bat dutenentzat, gaixotasun mentalen bat dutenentzat eta gizartetik baztertuta daudenentzat. «Inoizko ahaleginik handiena egingo dugu».

Krisi energetikoari buruz ere luze mintzatu da Gonzalez osoko bilkuran. Adierazi du lehentasunezkoa dela Arabaren menpekotasun energetikoa murriztea, eta bi bide proposatu ditu: kontsumoa murriztea energia eraginkortasun handiagoaren bitartez, eta energia berriztagarriak sortzea. Azken neurri horri lotuta foru gobernuak martxan jarriko dituen proiektuak aletu ditu ahaldun nagusiak. Besteak beste, gogoratu du Maeztun Ekiola proiektua martxan jarriko dutela: «Kooperatiba horri esker, Arabako familiak jatorri berriztagarriko beren energia elektrikoaren %100 sortzearen jabe izango dira». Proiektu horretaz gainera, tokiko erakundeentzat «energia garbiak modu intentsiboan sortzeko proiektuak» bultzatzea proposatu du, betiere ingurumena errespetatzen badute. Bide horretan, EH Bilduren «jarrera aldaketa» txalotu du, eta koalizioari eskatu dio arabarrei argitu diezaiela zer iritzi duen energia berriztagarriei buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.