Kanpo merkataritza

Esportazioak %25,4 igo dira uztailera arte Hego Euskal Herrian

Gas erosketa handien eraginez, uztailean parekatu egin dira esportazioak eta inportazioak.

Metanontzi errusiar bat gasa deskargatzen Bilboko portuan, martxoan. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 20a
12:08
Entzun

Kanpo merkataritza markak hausten ari da 2022. urtean. Inflazio handiak hauspotuta, urtarriletik uztailera %25,4 handitu da Hego Euskal Herriko enpresek atzerrira bidalitako produktuen balioa. Zenbaki osoetan, 25.445,1 milioi eurorenak izan dira esportazioak: iaz baino 5.151 milioi gehiago dira, eta pandemia aurreko azken urtekoak (2019) baino 4.356 milioi gehiago.

Baina esportazioak baino gehiago igotzen ari dira inportazioak, eta hori, neurri handi batean, produktu energetikoen erosketa asko handitu delako gertatu da: Petronorrera iristen den petrolioarena, baina, batez ere, Bahia de Bizkaia Gas GNL gas natural likidotua tratatzeko gasarena. Udan erreserbak betetzeko ahalegin handia egiten ari dira Europako Batasunean, eta GNLa sartzeko bideetako bat da Bilboko portua. Gainera, uda lehor eta beroak gasaren kontsumoa handitu du, eta horrek gehiago inportatzera behartu du.

Horrela, Espainiako Merkataritza Ministerioaren arabera, uztailean produktu energetikoetan 1.256,4 milioi euroren inportazioak egin ditu Bizkaiak —handik sartzen dira guztiak—, iazko uztailean baino lau aldiz gehiago (+%336,2). Kontuan hartu behar da gasa oso garestia izan dela hilabete horretan, eta horrek asko handitzen du inportazio horien balioa.

Bizkaiak inportatutako produktuen %63,6 izan dira gasa eta petrolioa. Urte osoan, berriz, 4.956,5 milioi izan dira, iazkoa halako bi baino gehiago (+%132).

Hidrokarburoak kanpotik erosi ez ezik, kanpoan saldu ere egiten dituzte: Petronorrek, petroliotik eratorritako produktuak, eta BBGek, berriz, gasa bera. Gutxi gorabehera, inportatutakoaren heren bat esportatzen da berriro.

Kanpo saldoa

Hidrokarburoen erosketa handi horiek kanpo saldoari eragin diote; hau da, esportazioen eta inportazioen arteko aldeari. Euskal Herria herrialde esportatzaile bat da, bere industriaren pisu handiari esker, baina aurten asko apaldu da. Uztailean ia-ia parekatu egin dira esportazioak (3.342 milioi euro) eta inportazioak (3.320 milioi), lehenengoak %12,6 igo baitira, eta bigarrenak, %60,5.

Urteko lehen zazpi hilabeteetan, berriz, saldoa positiboagoa da (4.108 milioi), baina iazkoa baino txikiagoa (5.712 milioi).

Makinak eta autoak

Azken urtean energiaren pisua handitu bada ere, ekipo ondasunak eta autogintza dira Hegoaldeko kanpo merkataritzaren zutabe nagusiak. Uztailera arte, ekipo ondasunen (beste ondasun batzuk egiteko beharrezkoak diren makinak eta osagaiak) esportazioa 7.717,7 milioi eurora iritsi da. Esportazioen herenak dira, eta iaz baino %12,9 handiagoak izan dira. Autoen esportazioa, berriz, %15,7 handitu da, 5.445,4 milioi euroraino.

Frantzia (4.110 milioi euro) eta Alemania (3.952 milioi) dira euskal industriaren bezero nagusiak, eta haren atzetik doaz Erresuma Batua (1.747 milioi), Italia (1.621 milioi) eta AEBak (1.536 milioi). Herbehereak, Belgika, Portugal, Txina eta Polonia ere agertzen dira lehen hamarren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.