Turismoa

Hotelek inoiz baino bezero gehiago izan dituzte

Abuztuan, 397.611 bezero izan dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan, iaz baino %11,2 gehiago. 2019ko udako markak ere aise gainditu dituzte.

Turistak argazkiak ateratzen, Bilboko Guggenheim museoaren aurrean, joan den uztailean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 21a
11:42
Entzun

Kopuruek ez dituzte gezurtatu sentsazioak. Udan inoiz baino turista gehiago izan diren ustea baieztatu dute datu estatistikoek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoak behinik behin. Eustaten arabera, abuztuan 397.611 bezero izan dituzte hiru lurralde horietako hotelek. Inoizko kopururik handiena da, aise gainditu baitu aurreko marka, iazko abuztukoa. Urte hartan, 357.683 bisitari izan ziren hoteletan, eta, aurten, ia 40.000 gehiago (+%11,2).

Bezero gehieneko uda, berriz, pandemiaren aurrekoa izan zen orain arte, 2019koa. Urte hartan, 685.117 sarrera izan ziren uztailean eta abuztuan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan, eta, aurten, %14 gehiago gehiago izan dira: 780.797 (+95.680).

Bezero horiek, batez beste, 2,11 gau pasatu dituzte hoteletan. Ondorioz, gaualdiak 1.605.078 izan dira uztailean eta abuztuan, 2019ko udan baino %9 gehiago.

Bizkaian gehiago, Gipuzkoan beteago

Bizkaia da hoteletan turista gehien jasotzen dituen lurraldea, eta azken urtean igoerarik handiena izan duena: 187.660 izan dira aurten, iaz baino %17,3 gehiago. Gipuzkoan 154.018 izan dira (+%3,9), eta Araban, berriz, 55.933 (+%13).

Baina, edukiera aintzat hartuz gero, Gipuzkoako hotelak izan dira beteenak: lekuen %82,6 eta gelen %88,6 egon dira beteta abuztuan. Bizkaian, lekuen %77,2 eta gelen %83,5 egon dira beteta; Araban, lekuen %70,1 eta gelen %81,8.

Hiriburuetan ere, Donostia izan da guztien artean okupatuena, gelen %89,8 beteta eduki baitzituen abuztuan. Bilbon, gelen %85,7k izan dute bezeroren bat etengabe, eta Gasteizen, %83,7k.

Atzerritar gehiago

Eustatek bi taldetan banatzen ditu turistak: «estatukoak» eta «atzerritarrak». Joera desberdinak antzematen dira iaztik hona: gorakada nabarmena izan dute Espainiako herritartasuna ez dutenek (+%74,5) eta badutenek (-%17,6). Azalpena erraza da: iaz, COVID-19aren ondorioz, oraindik baziren mugak gainditzeko trabak (COVID ziurtagiriak aurkeztu beharra, hegaldi gutxiago...), eta horrek mugaz gaindiko turismoa moteldu zuen. Aurten, muga praktikorik gabe, kopuruak asko parekatu dira: estatuko 202.814, eta atzerriko 194.797. Eustaten arabera, «estatuko» horien artean 29.552 euskal herritarrak dira, 78.767 Herrialde Katalanetakoak (40.272 katalan, 16.862 valentziar eta 2.633 balear), 47.450 madrildarrak, eta 7.438 galiziarrak.

Araban eta Bizkaian gehiago dira Espainiako herritartasuna dutenak, eta Gipuzkoan, aldiz, gutxiago.

Frantziar herritartasuna dutenak dira, alde handiz gainera, abuztuan hotelak gehien bete dituztenak (54.262). Atzetik doazkie italiarrak (20.522), britainiarrak (15.154), alemaniarrak (13.997), herbeheretarrak (13.101), estatubatuarrak (12.339) eta portugesak (10.414). Errusiarrak 1.034 izan dira, txinatarrak 1.104, eta japoniarrak 939.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.