Gazteen arteko euskarazko ahozko jarduna, aztergai Nafarroan

Erdararen erabilera zergatik igo den aztertu nahi dute Iruñeko Komunikabideak fundazioak eta Euskaltzaindiak.

Gazte batzuk jolasten. JAGOA MANTEROLA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko irailaren 21a
13:25
Entzun

Nafarroako gazteen arteko euskarazko ahozko jarduna aztertu nahi dute Iruñeko Komunikabideak fundazioak eta Euskaltzaindiak. Horretarako, mintegi bat antolatu dute irailaren 28rako. 09:00etatik 16:00etara eginen dute, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak jardunaldiak zenbait helburu ditu: «Iritziak jasotzeko bilgune bat sortzea, hausnartzea, esperientziak trukatzea eta 8 eta 12 urte arteko gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna hobetzea». Izena emateko epea zabalik dago irailaren 26ra arte.

Euskaltzaindiaren arabera, erdararen erabilera igotzen ari da, eta horren zergatia aztertu nahi dute, baita bestelako zalantzen inguruan hausnartu ere: «Nolakoa da gaztetxo horien euskarazko ahozko jarduna? Zein hutsune daude arlo horretan? Zein baliabide ditugu euskarazko ahozko jarduna hobetzeko ikasgeletan? Eta ikasgelatik kanpo, aisialdi antolatuan, kirol jardueretan...?».

Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen Batzordeko buruak eta Enrike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak fundazioko lehendakariak aurkeztu zuten egitasmoa, ostiralean, Iruñean. «Kezka dago eskolak bakarrik euskal hiztunak sortzen ote dituen», esan zuen Alemanek. Horri beste hausnarketa bat gehitu zion: «Oinez, ibiliz ikasten da, eta euskal hiztunak eremu guztietan euskaraz arituz lortzen dira». Diez de Ulzurrunek azpimarratu zuen gazteek euskararekin zer-nolako harremana izan duten jaso nahi dutela: «Gaztetxoak entzuteko asmoa dugu».

Besteak beste, Dindaia fundazioko Esther Lakastak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Helena Baraibarrek, Euskaltzaleen Topaguneko Ander Barandiaranek eta Iturrama institutuko ikasleek parte hartuko dute mintegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.