Australia

Tasmaniako kostaldean 230 izurde pilotu agertu dira hondartuta

Uste dute izurdeen erdiek bizirik jarraitzen dutela, eta Australiako Gobernuak erreskate zerbitzuak bidali ditu. Duela bi urte 500 izurde topatu zituzten leku eta garai berean.

Macquarie badia (Australia), hondartuta agertu diren izurdeez betea, gaur. TASMANIAKO INGURUMEN SAILA
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 21a
16:48
Entzun

Bart 230 izurde pilotu (Globicephala) topatu dituzte Macquarie badian (Australia), hondarretan, Tasmaniako ipar-mendebaldean. Duela bi urte ere han gertatu zen Australian erregistratuta dagoen hondartzerik handiena: espezie bereko 500 izurde inguru aurkitu zituzten orduan. Hil egin ziren haietatik 380, baina ehun salbatzea lortu zuten erreskate zerbitzuek.

Arduradunek uste dute animalien erdiak behintzat bizirik daudela oraindik, eta erreskate zerbitzuak lanean ari dira jada. Hasieran kaxalote guztiak erreskatatzeko asmoa zuten, baina, Tasmaniako Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, oso korapilatsua litzateke operazio hori, aurkitu dituzten lekua dela eta.

Macquarie badia handia da, sakonera gutxikoa, eta nekazaritza gunea da. Tokiko bizilagunek zaindu dituzte izurdeak erreskate zerbitzuak iritsi bitartean: tapakiekin estali dituzte, eta ura bota diete gainetik, bizirik mantentzen saiatzeko.

Australiako Gobernuak jakinarazi du bidean direla adituak, eta izurdeak itsasora itzularazten saiatuko direla. Haien arabera, kezkagarria da bigarren hondartze bat gertatu izana leku eta urte garai berean.

Taldean bidaiatzen dute izurde pilotuek, eta litekeena da haren liderrak orientazioa galdu duelako amaitu izana lehorrean. Baliteke klima larrialdiak ere eragina izatea, ingurumenean edo uraren tenperaturan izan diren aldaketengatik. Dena den, Australiako Gobernuko adituek ez dute arrazoi jakinik eman.

Astelehenean, beste 14

Atzokoak ez dira aste honetan Tasmanian topatu dituzten izurde bakarrak: astelehenean beste 14 hilda aurkitu zituzten King uhartean, Tasmania iparraldean.

Astelehenean King uhartean topatutako 14 kaxaloteetako bat, hilda.Tasmaniako Ingurumen Saila

2020koaren aurretik, duela hogei urte inguru gertatu zen antzeko zerbait azkenekoz Tasmanian. Deigarria da Australiak kostan hainbeste kilometro izanda han soilik gertatzea fenomeno hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.