Urkulluk bost «herri akordio» eskaini ditu, aparteko egoerari aurre egiteko

EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioa goraipatu, eta lankidetza zabaltzeko eskua luzatu du lehendakariak. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde iraunkor bat sortzea eskatu du.

Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu, goizeko saioan. RAUL BOGAJO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz - Edurne Begiristain
2022ko irailaren 22a
11:44
Entzun

Joanak gogora ekarrita, baina datozenei so. Begirada aurrera eta atzera, alde batera zein bestera zuzenduz egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarreko urte politikoko lehen hitzartzea. Politika orokorreko osoko bilkura izan dute parlamentuan, 9:30ean. Iragan da lehenbiziko txanda, Urkullurena. Arratsaldez izanen du segida eztabaidak, talde politikoen hizketaldiekin.

Ikusi gehiago: Gobernuko alderdiek Urkulluren hitzak babestu dituzte, eta oposizioa kritiko agertu da

Iragarria zenez, akordioek berebiziko garrantzia izan dute Urkulluren hitzaldian. Bost «herri akordio» eskaini dizkie taldeei, «elkarrizketarako eta adostasunerako oinarri» izan daitezen. Hauek dira zehazturiko lehentasunak: gizarte kohesioa, lana, industria eta garapen jasangarria, klima larrialdia, eta erronka demografikoa eta gazteria. Lehendakariaren esanetan, itun horiek giltzarri izanen dira egungo zailtasunak gainditzeko. Baikor aritu da, halere: «Itxaropena ez ezik, konfiantza eta uste osoa ere badaukat: berriz ere gaindituko dugu aurrean dugun erronka, eta indartuta aterako gara».

Ikusi gehiago:Politika orokorreko eztabaida, minutuz minutu

40 neurri aurkeztuko ditu Urkulluk, iragarri duenez, eta aletu ditu horietako zenbait. Besteak beste, hauek dituzte mugarri: 2026ko Etxebizitzaren Itun Soziala; osasun plan berria; lehen arreta indartzea; osasun mentalerako estrategia berria; Finantzen Euskal Kontseiluaren Institutuaren egituraketa berria; Osakidetzako langileria egonkortzea eta handitzea; eta Hezkuntzako langileak egonkortzea.

Bitariko harremana

Lehendakariak kezka azaldu du 1979ko estatutuaren betetze mailarekin. Halaber, zehaztu du haren ustetan autogobernua «inflexio puntuan» dagoela, eta adierazi du ezinbestekoa dela hura «sakontzea, eguneratzea eta zabaltzea». Transferentzien egutegia betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Gainera, helburu argi bat zehaztu du: «konfiantza» giroa berreskuratzea. Horretarako, neurri bat proposatu du: Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde iraunkor bat sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.