Gobernuko alderdiek Urkulluren hitzak babestu dituzte, eta oposizioa kritiko agertu da

Iñigo Urkullu lehendakariak «akordioen legealdia» izaten ari dela adierazi du Eusko Legebiltzarraren politika orokorreko osoko bilkuran. Oposizioko alderdiak mesfidati dira Urkulluren adierazpenekin.

Maddalen Iriarte, goizean, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaut Matauko Rada - Edurne Begiristain
2022ko irailaren 22a
13:14
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eman dio hasiera Eusko Legebiltzarraren politika orokorreko osoko bilkurari. Testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialaren inguruko analisi labur bat egin du lehenik, eta akordioen legealdia izaten ari dela azpimarratu du, eta EAJ eta PSE-EEren arteko koalizio gobernua goraipatuz. Hala ere, eskua luzatu du akordioak zabaltzeko. Egungo egoerari aurre egiteko 40 neurri zerrendatu ditu, eta, ostean, bost herri itun proposatu ditu. Autogobernuari buruz ere aritu da lehendakaria.

Eusko Legebiltzarreko talde politikoek arratsaldean hitz egingo dute parlamentuan, baina ordezkari batzuek jada egin dituzte adierazpenak hedabideen aurrean. Oposizioko alderdiak kritiko agertu dira lehendakariaren hitzaldiarekin, eta EAJko eta PSEko kideek egoki ikusi dute. Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak Euskadi Irratiko Faktoria saioan eman ditu hitzak, eta adierazi du arazo nagusiak, klima eta demografia esaterako, aurrekontuetan islatu behar direla. Autogobernuari dagokionez, estatus politiko berriaren gaia garatzeko «gakoa» Madrilen dagoela esan du, «Euskadin onartua dagoelako dena». Madrilen lurraldetasunaren inguruko debatea bultzatu behar dela dio, eta PSOEri gogorarazi dio Pedro Sanchezen inbestidurari bide emateko akordioan puntu hori dagoela, baina ñabartu du debatea ez dela ireki oraindik.

PSE-EEko legebiltzarkide Alberto Alonsok programa berean hitz egin du, eta Urkulluren hitzek «errealitate dosi handia» izan dutela adierazi du. Deflatazioari buruz —zergen jaitsiera—, esan du neurria ondo dagoela, baina soldaten igoerarekin batera joan behar duela, «efektua handiagoa izateko». Autogobernuaren egoerari buruz, atzera begiratzearen garrantziaz mintzatu da Alonso: «Mariano Rajoyren legealdian ez zen transferentziarik egon, eta Pedro Sanchezenean hamaika egon dira. Nora goazen begiratu behar da, baina baita nondik gatozen ere».

Deflatazioa, neurri «atzerakoia»

Egoera ekonomiko zailari aurre egiteko neurrietako bat deflatazioa izango dela esan du Urkulluk, eta Nerea Kortajarena eta Miren Gorrotxategi EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek diote neurri atzerakoia dela. Kortajarenak, bestalde, esan du etxebizitzaren inguruan lehendakariak aurkeztu duen proposamena «antisoziala» dela. Gorrotxategirentzat, «gauza asko» proposatu ditu lehendakariak, baina ñabartu du gehienak ez direla berriak.

Elikagaien banaketa enpresei laguntzak emango dizkietela aurreratu du Urkulluk, eta Gorrotxategik uste du inflazioari aurre egiteko neurri egokiagoa dela energiaren eta elikagaien prezioei mugak jartzea: «Esku hartu behar da merkatuan, prezioak jartzeko moduan», esan du. EAJk orokorrean diskurtso «polita» duela esan du Gorrotxategik, baina gehitu du gero ez dela gauzatzen.

Herri akordioak

Lehendakariak «herri akordioen beharra» nabarmendu du goizean, eta Kortajarenak gogorarazi dio EH Bildu 2016tik ari dela herri akordioak proposatzen. Bestalde, herri akordioak proposatu bai, baina xehetasun gutxi eman dituela leporatu dio koalizio abertzaleko legebiltzarkideak lehendakariari. «Urkulluk ez du argitu norekin egin nahi dituen akordioak, eta guretzat beharrezkoa da akordio horietan herritarrak egotea. Bestela, hartutako neurriak ez dira eraginkorrak izango», esan du Kortajarenak.

Halaber, PPko Laura Garridok Urkulluren hipokrisia salatu du: «Akordioak zabaldu nahi dituztela dio lehendakariak, baina beraientzat lehentasuna zera da, akordioak EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin egitea». Urkulluk autokritika gutxi egin duela ere esan du Garridok Faktorian. Hala ere, zeharkako autokritika egin duela esan dio Garridok Urkulluri; izan ere, lehen arretan estrategia berria egingo dutela esan du lehendakariak, eta, jakinda azken estrategia 2019koa dela, Garridok dio horrek esan nahi duela Osakidetzan «zerbait gertatzen dela».

Urkulluren hitzak

Azken hamarkadan hiru krisi nagusi izan direla azpimarratu du: krisi ekonomikoa, pandemia eta Ukrainako inbasioa, eta «joera global handien» eraginpean gaudela gehitu du. Joera soziodemografikoa eta klima krisia ere jo ditu euskal gizartearen arazo nagusitzat, eta adierazi du lankidetzan aritzea funtsezkoa dela egoerari aurre egiteko. Eskua luzatu du akordioak zabaltzeko.

Legealdi erdia bete den honetan, EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa goraipatu du lehendakariak, eta testuinguruari aurre egiteko 40 neurri berri zerrendatu ditu banan-banan. Hauek dira esanguratsuenak: 2026ko Etxebizitzaren Itun Soziala; osasun plan berria; lehen arreta indartzea; osasun mentalerako estrategia berria; Finantzen Euskal Kontseiluaren Institutuaren egituraketa berria; Osakidetzako langileria egonkortzea eta handitzea; Hezkuntzako plantilla egonkortzea, eta abar. Hala ere, bost «herri akordio» ere proposatu ditu Urkulluk, «aparteko eta aurrekaririk gabeko testuinguru historiko, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko»: 2023ko aurrekontuen gainean; lehen mailako arreta indartzearen inguruan; hezkuntza hitzarmenaren gainean; erronka demografikorako, gazteriarako eta emantzipaziorako estrategian; eta energia itunaren inguruan.

Autogobernuari buruz ere mintzatu da Urkullu, eta 1979ko Gernikako Estatutuaren betetze mailarekin kezkatuta dagoela esan du. Autogobernua «inflexio puntu batean» dagoela uste du, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio transferentzien egutegia betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.