Iran

Mahsa Aminiren heriotzaren ondoko protestetan hildakoak 30 dira jadanik

Astebete da 22ko emakume gaztea hil zela, Irango Moralaren Poliziak atxilotu eta hiru egunera. Beloa «gaizki jarrita» zuelako atzeman zuten. Protesta jendetsuak ari dira egiten herrialdean, andreak batik bat.

Mahsa Aminiren heriotzagatiko protestak atzo. STR, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko irailaren 23a
10:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Kopurua puzten ari da apurka. Mahsa Amini gaztearen heriotzagatiko protestetan hildakoen datua eguneratu du Kurdistango Hengaw Giza Eskubideen taldeak. Nabarmen handitu da: 30 dira dagoeneko, gaztea hil zenetik astebete iragan den honetan. Ordutik, herritarrak gero eta nabarmenago ari dira sumina azaltzen. Protesta jendetsuak ez dira eten, bizitu baizik, eta urrun dirudi baretzeak. Poliziarenak ere bai.

Hengaw taldeak atzo BERRIAri jakinarazi zionez, ordurako 733 pertsona ziren protestetan zaurituak. Hala izanik, honezkero gehiago izanen dira segur aski. Atxilotuak ere bai: seiehunen atxilotu zituztela zehaztu zuen taldeak atzo. Gainera, taldeak azaldu duenez, azken egunotan zauritutako asko ez dira joan ospitalera, «atxilotuko dituzten beldur baitira».

Iranen gertatua oihartzun handia erdiesten ari da mundu osoan, irudiz eta bideoz josi dira sareak, eta atentzioa eman du protestetan hainbat emakumek abiatutako ekinbideak. Beloa erantzi dute askok, eta jendaurrean edo unibertsitateen aurrean haizatu. Beste batzuek, berriz, erre egin dute, protesta gisara.

Ikusi gehiago: Irango presidenteak bertan behera utzi du elkarrizketa bat kazetariak belorik ez zeramalako

Ikusmira ez ezik, erreakzio politikoak ere eragin ditu Mahsa Aminiren heriotzak. Besteak beste, AEBek zigorra ezarri dio Irango Poliziari, «Irango herritar baketsuen eta Irango emakumeen kontra bortizkeriaz eta indarkeriaz jarduteagatik eta beren eskubideak urratzeagatik».

Poliziak segurtatu du, ordea, gaztearen heriotza «ezbeharra» izan dela. Halaber, Irango presidente Ebrahim Raisik Aminiren familiari hitzeman dio ikerketa bat abiatuko duela egiazki zer gertatu den argitzeko. Zehazki, Washingtonek blokeatu eginen ditu Irango Indar Armatuekin edo segurtasun indarrekin lotura izan eta AEBetan interesak dituztenen ondasunak.

Irango Moralaren Poliziak aurreko asteartean atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta ostiralean hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zegoela gaixo atxilotu aurretik.

Poliziak segurtatu du, ordea, gaztearen heriotza «ezbeharra» izan dela. Halaber, Irango presidente Ebrahim Raisik Aminiren familiari hitzeman dio ikerketa bat abiatuko duela egiazki zer gertatu den argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.