GERRA UKRAINAN

Finlandiak esan du «nabarmen» mugatuko duela errusiarren sarrera

Ukrainan bozkatzen hasi dira Errusiak okupatutako lurrak anexionatzeko. Mendebaldeak zilegitasuna kendu die galdeketei. NBEk ondorioztatu du Errusiak gerra krimenak egin dituela Ukrainan.

Errusiak Ukrainan okupatutako eremuei buruzko galdeketaren aldeko manifestazioa, gaur, Moskun. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 23a
13:31
Entzun

Bozkatzen hasi dira gaur Moskuk Ukrainan partzialki okupatutako eremuetan; hau da, Donetsk eta Luhansk herri errepubliketan, eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeetan. Finean, bozketa horien helburua da Errusiak modua edukitzea lur horiek anexionatzeko, 2014an Krimeako penintsularekin egin zuen bezala. Mendebaldeak eta Ukrainak adierazi dute galdeketek ez dutela zilegitasunik, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak nabarmendu du edozein eremu indarrez hartzeak nazioarteko zuzenbidea urratzea dakarrela.

Hilaren 27ra arte bozkatu ahal izango dute herritarrek. Galina Katiuxenko Zaporizhiako hauteskunde batzordeko buruak Interfax Errusiako berri agentziari azaldu dionez, aurreneko lau egunetan bozkatzeko aukera egongo da bizilekuetan edo horretarako propio prestatutako lekuetan —autobusetan, esaterako—, eta azken egunean, datorren asteartean, hauteslekuak irekiko dituzte. Iturri horren arabera, «segurtasuna bermatzeko» eman da bizitokietan bozkatzeko aukera. Dena den, ez dago argi nola egingo dituzten bozketak gerra betean eta hainbeste pertsona desplazatuta daudela. Asteartea pasatuta dira emaitzak ematekoak.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podolyakentzat, «propaganda ikuskizun bat» dira galdeketak, eta, Twitterreko bere kontuan idatzi duenez, «legez kanpoko» ekintza bat. «Lurralde horiek askatzea behar dute».

Informazio gehiago: Errusiak okupatutako lurretan erreferendumak egitekoak dira

Eremu horietan Moskuk ezarritako administrazio militarrek joan den asteartean jakinarazi zuten erreferendumak egitekoak zirela, herritarrei galdetzeko ea Errusiako Federazioarekin bat egin nahi duten. Vladimir Putin Errusiako presidenteak hurrengo egunean adierazi zuen babestu egingo zituela. «Ukrainako hainbat eremutan bizi direnek ez dute neonazien menpe bizi nahi». Kremlineko buruak uste du, bide batez, eremu horiek Errusiako Federazioaren parte izan beharko luketela, eta Sobietar Batasuna zeneko agintariek egindako hutsegite batzuengatik galdu zituztela.

2014tik, 'de facto' independente

Donbassko Donetsk eta Luhansk herri errepublika errusiazaleak 2014az geroztik dira de facto independenteak, Ukraina ekialdean gerra hasi zenetik alegia, nahiz eta nazioarteak ez dien estatus hori aitortzen. Otsailaren 24an, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi baino egun batzuk lehenago, aitortu zuen Moskuk lurralde horien independentzia. Modu horretan, Putinek aukera zuen tropak Ukraina hego-ekialdeko eremu horretara bidaltzeko. Nolanahi ere, azken zortzi urteetan han borrokan aritutako milizia errusiazaleak babestu ditu.

Errusiak Luhansken zati handi bat du kontrolpean, %66 inguru, eta Donetsken erdia baino zerbait gehiago: %60. «Guk guztiok zortzi urte luze daramatzagu itxaroten Errusiarekin bat egiteko», adierazi du Leonid Pasetxnik Luhanskeko herri errepublikaren liderrak. «Errusiaren parte gara, baina zerbait falta da oraindik: [gerra] irabaztea». Denis Puxilin Donetskeko buru errusiazaleak ere hitz egin du: «Etxera itzuli gara. Donbass Errusia da». Hau da, galdeketa egin aurretik irabazitzat jo dute. Zaporizhiaren eta Khersonen %66 dago Errusiako tropen menpe. Ukraina hegoaldean daude bi oblast horiek.

Kazakhstanen eta Finlandiaren berrespena

Errusiar ugari alde egiten ari dira. Vladimir Putin presidenteak iragarri zuen herenegun 300.000 erreserbista mobilizatuko dituela gerrarako, eta Errusiarekin muga egiten duten zenbait herrialdek jakinarazi zuten atzo ohi baino ibilgailu gehiago iristen ari direla handik orduz geroztik. Albiste agentzia batzuek ere horren berri eman zuten. Bada, Finlandiako eta Kazakhstango mugazainek informazio horiek berretsi dituzte gaur. Finlandiakoek grafiko bat ere kaleratu dute. Horren arabera, irailaren 19an 3.000 bat pertsona sartu ziren Finlandiara Errusiatik; 20an, 3.000-3.500 artean; 21ean, Putinek iragarpena egin zuenean, 5.000 bat; eta atzo, ia 7.000. Horiek horrela, Finlandiako Gobernuak atzo iragarri zuen «nabarmen» mugatuko duela errusiarren sarrera. Finlandia da errusiarrei turista bisarekin sartzen uzten dien EB Europako Batasuneko herrialde bakarra.

Errusiari «histerikoa» iruditzen zaio herritarren zati baten erreakzioa. Hala adierazi du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, eguneroko prentsaurrekoan. Azken egunetako informazio askok diotenez, Errusiatik ateratzeko hegaldiak, trenak eta itsasontziak bete dira, eta, gainera, Errusiak mugakide dituen estatuek baieztatu dute ohi baino jende gehiago ari dela iristen handik. Kremlinentzat, ordea, «esajerazioak» dira informazio horiek.

Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi du informazioen teknologietan, finantzetan eta komunikazioan lan egiten dutenak ez dituztela mobilizatzera deituko. Baza Telegrameko kanalak dioenez, entrenamendu militarrerako zenbait zentro erre dituzte Errusian: San Petersburgon, Nizhny Novgoroden, Orenburgen, Jabarovsken eta Zabaikalen.

Gerra krimenak

NBE Nazio Batuen Erakundeak Ukrainan ikerketarako daukan misioak ondorioztatu du Errusiak gerra krimenak egin dituela inbasioa hasi zuenetik. Erik Mose misioaren buruak NBEren Giza Eskubideen Batzordean zehaztu duenez, hamasei herritan egin zituzten ikerketak joan den ekainean. «Zirrara eragin zigun bisitatutako eremuetako exekuzio kopuruak». Nabarmendu du herri horiek bakarrik aztertu zituztela, baina salaketa sinesgarriak jaso dituztela adieraziz beste toki batzuetan ere molde bereko krimenak egin dituztela. Moseren esanetan, zibilak bortxatu zituzten, torturatu, eta, esaterako, zauriak zituzten buruan, edo ebakiak eztarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.