Udal hauteskundeak

EAJk Donostiako alkategai izatea proposatu dio Goiari

GBBk eta Donostiako Uri Batzarrak proposamena helarazi diote Donostiako egungo alkateari, Joseba Egibarren arabera. Gipuzkoako Foru Aldundirako jeltzaleen hautagaia emakumea izango dela «uste» du Egibarrek.

Eneko Goia Donostiako alkatea hedabideen aurrean, abuztuan. GORKA ESTRADA / EFE
2022ko irailaren 23a
17:39
Entzun

Hirugarrenez Donostiako alkategai aurkezteko proposatu dio EAJren GBB Gipuzko Buru Batzarrak Eneko Goia egungo alkateari, Joseba Egibar GBBko presidenteak atzo Radio Euskadin aitortu zuenez. «GBBk eta Donostiako Uri Batzarrak Goiari adierazi diote gure erabakia: berari proposatzekoa. Hala ere, oraindik ez dugu prozesua hasi», adierazi zuen. Edozein kasutan, «oso landuta» dagoela adierazi zuen. Ez zuen argitu zein izango den Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaia, baina, hala ere, emakumezkoa izango dela iradoki zuen: «Hala izango dela uste dut, nahiz eta gizonezko hautagairen bat badagoen».

Goiaren hautagaitza baieztatuko balitz, Donostiako alkate izateko aurkezten den hirugarren aldia litzateke. 2015ean izan zuen lehenengoa. EAJk udal hauteskundeak irabazi, eta EH Bilduko Juan Karlos Izagirre ordezkatu zuen alkate karguan. 2019ko maiatzean, bigarrenez hautatu zuten alkate. Gehiengo osoan gobernatzen du ordutik Goiak, PSE-EErekin osatutako koalizio gobernuan.

Egunotan, izen dantza dabil udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak direla eta. Donostiakoak, bederen, ari dira argitzen pixkanaka. Abuztuaren azkenetan jakin zen Odon Elorza PSE-EEren primarioetara aurkeztuko dela —Marisol Garmendiarekin lehiatuko da hautagai izateko—. Iragan larunbatean jakin zen, bestalde, Juan Karlos Izagirre 2011tik 2015era alkate izan zena dela EH Bilduren mahai politikoak aurkeztutako hautagaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.