Italia

Parte-hartze txikia, eskuin muturra gobernura eraman dezaketen bozetan

Arratsaldeko 18:00etan, bozkatzeko eskubidea dutenen %58 baino ez da hauteslekuetara joan, 2018ko bozetan baino zazpi puntu gutxiago

Salvini, Berlusconi eta Meloni, hauteskunde kanpaineko ekitaldi batean. GIUSEPPE LAMI / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 25a
12:10
Entzun

Hauteskunde erabakigarriak dituzte gaur Italian, eskuin muturraren garaipena espero delako. Galdeketek aurreikusten zuten abstentzio handia, %65koa inguru (aurreko bozketan baino zortzi puntu gehiago), eta azken datuen arabera badirudi iragarpenak beteko direla.

Arratsaldeko 18:00etan, bozkatzeko eskubidea dutenen %58 baino ez da hauteslekuetara joan, 2018ko bozetan baino zazpi puntu gutxiago.

Herrialde osoan jaitsi da parte-hartzea, baina batez ere hegoaldean.

Ez da espero emaitzak gaur jakitea, bozkalekuak 23:00arte egongo direlako zabalik Italian (Euskal Herriko 22:00ak) baina hasi dira bozkatzen Italian. Politikariek bozkatzeko eskatu diete herritarrei, abstentzioaren beldur.

Europa eta munduko begiak Italian jarrita daude, inkesten arabera litekeena delako eskuin muturrak bozak irabaztea. Giorgia Meloni buru duen FdI Italiako Anaiak alderdi neofaxistak aukera izan dezake, eskuineko aliatuekin batera —Matteo Salviniren Legarekin eta Silvio Berlusconiren FI Forza Italiarekin—, koalizio gobernu bat osatu eta boterera iristeko. «Gaur, Historia idazten laguntzeko aukera daukazu. Historia elkarrekin idazten dugu», idatzi du Melonik sare sozialetan.

Salvinik adierazi du prest daudela gobernatzeko. «Gero eta jende gehiagok bozkatu, orduan eta indar handiagoa izango du Parlamentu berriak, gobernu berriak, larrialdian esku hartzeko».

Sergio Mattarella presidenteak goiz bozkatu du, Palermon, Siziliako hiriburuan.

Azken inkesten arabera, botoa erabakita ez dutenak, eta abstentziora jotzeko erabakia hartuta dutenak %42 lirateke, hau da, ia eskuineko koalizioari botoa emateko asmoa dutenak adina.

Ezustekorik ezean, Meloni Chigi jauregira sartuko da. Dena izan du aldeko azken urteotan, eta, horregatik, arrakasta bermatzeko kanpaina egin du uda honetan. Helburu bakarrarekin: bere burua —are gehiago— zuritzea, eta irudi eta soslai kontserbadorea saltzea boto emaileei —ECR Europar Kontserbadore eta Erreformistak taldeko presidentea da 2020tik—, neofaxistagoa baino.

Ikusi gehiago:Neofaxistak, boterera bidean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.