Italiako bozak

Neofaxistak, boterera bidean

Italiako koalizio eskuindarra faborito da biharko bozetan gehiengo osoa lortu eta agintera iristeko. Boto emaileen haserrearen erakusle, abstentzioa inoizko handiena izan liteke: %35

Neofaxistak, boterera bidean.
ander perez zala
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun

Duela 26 urte, France 3 kateak Giorgia Meloni elkarrizketatu zuen Italiako AN Aliantza Nazionala alderdi neofaxistari buruzko erreportaje baterako. Melonik 19 urte zituen orduan, eta erreferente faxistak agerian utzi zizkion kazetariari, ekitaldi batera bidean emandako erantzun batean: «Nik uste dut [Benito] Mussolini [diktadorea] politikari ona zela. Hau da, egin zuen guztia Italiaren alde egin zuela. Eta hori ez duzu aurkitzen 50 urteotan izan ditugun politikarietan».

 

Garai hartan, herrialdea parlamenturako bozen atarian zegoela, Melonik ANren Erromako auzo bateko gazteen sekzio bat zuzentzen zuen, berrogei kidek osaturikoa. Erreportajea grabatzen ari zirela, talde horrek gaualdi elektoral bat antolatu zuen alderdiaren eta hautagaien alde; irudietan jendetza ikusten da lokalaren barruan, eta badirudi giro ona izan zela nagusi.

«Sinesten dudalako egin dut hauteskunde hauetarako egin dudana. Eta badakit hemen dauden pertsona guztiek —horietako batzuk gazteak dira— horretan sinesten dutela. Galtzen badugu, beste batean irabaziko dugu», argudiatu zuen elkarrizketatuak.

Italiak sakoneko aldaketa sozial eta politikoak jasan ditu hamarkadotan. Alderdi neofaxista bat, Meloni presidente duen FdI Italiako Anaiak da biharko parlamenturako bozak irabazteko faboritoa, behinola partisanoak eta ezkerreko mugimenduak indartsu izan ziren eta antifaxismoa ahobatezko jarrera zen herrialdean; eta, eskuineko aliatuekin batera —Matteo Salviniren Legarekin eta Silvio Berlusconiren FI Forza Italiarekin—, koalizio gobernu bat osatu eta boterera iristekoa.

Berlusconiren agintaldietan jarritako oinarriak baliatuta (1994-1995, 2001-2006 eta 2008-2011), eta 2018ko Salviniren arrakastaren olatura igota, Meloni oztoporik gabeko gorakada baten protagonista izan da, oposiziotik gobernuak astindu eta bere diskurtsoa boto emaile askorentzat erakargarri bilakatzeraino. Ideiez harago, urteotan nabarmen sufritu duten herritarrentzat berritasuna irudikatzen du FdIren buruzagiak, eta horrek azaltzen du alderdi hori lau urte eskasean botoen %4,3tik %24 ingurura igoko litzatekeela, inkesten arabera.

Buruzagi ultraeskuindarra garai politiko baten hamaikagarren erakuslea da. Melonik azaldu zuenez, 1990eko hamarkada hasieran sartu zen politikan, bipartidismoa eta sistema oso bat goitik behera aldatu zuten ustelkeria kasuak —Mani pulite (Esku garbiak) prozesu judiziala— argitara atera zirenean. Harrez geroztik, FdIren burua bide bat sortzen ari zen garai berean, politikarekiko haserrea handituz joan da herritarren artean, eta eskuin muturrak atera dizkio etekinik handienak testuinguru horri, batez ere azken hamarkadan. Azken gobernua —Mario Draghiren batasun nazionalekoa— erortzea ere ulertezina izan zen boto emaile askorentzat, eta horrek are gehiago handitu du eszeptizismoa. Abstentzioa, hortaz, inoizko handiena izan liteke: %35ekoa.

Meloni, bere burua zuritzen

Ezustekorik ezean, France 3 kateari garaipena iragarri eta mende laurdenera sartuko da Meloni Chigi jauregira. Dena izan du aldeko azken urteotan, eta, horregatik, arrakasta bermatzeko kanpaina egin du uda honetan. Helburu bakarrarekin: bere burua —are gehiago— zuritzea, eta irudi eta soslai kontserbadorea saltzea boto emaileei —ECR Europar Kontserbadore eta Erreformistak taldeko presidentea da 2020tik—, neofaxistagoa baino.

Ikusi gehiago: Ukrainako gerrak agerian utzi ditu ultraeskuindarren desadostasunak

Balio tradizionalen defentsa, komunismoaren kontrako borroka, eta egungo sistema bere horretan mantentzearen beharra, azken horren adibide izan da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekiko konpromisoa eta enpresen jarduna lehenestea; horiek dira FdIren presidentea defendatzen ari den ideiak, neofaxismoaren normalizazioa —edo egonkortzea— eta alderdi horren onargarritasuna lortzeko.

Kanpainan, eskuin muturrak agenda monopolizatu du berriz ere, eta horrek mesede egingo dio bihar. FdIren buruzagiak, esaterako, bortxaketa baten bideoa zabaldu zuen sare sozialetan, eta adierazi zuen erasotzailea asilo eskatzaile bat zela, frogarik eman gabe; horren harira, eztabaida mediatikoak immigrazioaren eta segurtasunaren arteko ustezko harremanean jarri zuen arreta, eta ez indarkeria matxistan.

Gerora, FdIk RAI Italiako Irrati-Telebista konpainiari eskatu zion Peppa Pig marrazki bizidunaren atal bat zentsuratzeko, horretan bi ama dituen protagonista bat agertzen delako; alderdi ultraeskuindarraren ustetan, hori «onartezina» baita. Eta Legaren Florentziako kide batek zalaparta handia eragin zuen azken asteetan, hark grabaturiko bideo baten bidez: emakume ijito bat umiliatu zuen, eta haren alderdiaren alde bozkatzera deitu zuen emakume hori «berriz ez ikusteko».

Horrek, noski, migrazioaren auzia eraman zuen berriz ere agendaren lehen lerrora, eta Salviniri aukera eman zion afera horretaz berriz ere aritzeko. Badirudi Legako buruzagiak onartu duela ezingo dela gobernuburu izan, eta, orain, Barne ministro kargura itzultzea du helburu —2018tik 2019ra izan zuen postu hori—, iragan uztailean idatzitako txio batean agerian utzi zuenez: «Italiako mugak berriz ere defendatuko ditut: hala egingo du hurrengo Barne ministroak».

Hedabideez gain, beste alderdi nagusien jarrerak ere erabakigarriak izan dira eskuin muturraren eta neofaxisten ideien normalizazioan. Berlusconi da adibide garrantzitsuena, haren agintaldietan erakundeetako atea ireki baitzien jarrera horiek ordezkatzen zituzten indarrei, lehen ministro kargura iristearen truke.

PD Alderdi Demokratikoak, bihar lehen postua lortzeko FdIren lehiakide bakarrak ere zerikusia izan du eskuin muturraren gorakadan: Lega indartzen ari zen urteetan Matteo Renzi zuen idazkari nagusi, eta lehen ministro karguan egon zen urteetan (2014-2016) neurri eskuindarrak sustatu izanak nabarmen egin zion kalte espazio politiko horri.

Enrico Letta PDren egungo buruzagi eta gobernuburu ohiak (2013-2014) ere protagonismo handia izan du horretan, hainbatetan agertu baita Melonirekin umore onez, eta, besteak beste, faxismoari buruzko liburu errebisionista bat aurkezten.

PD eta M5S, aukerarik gabe

Erabaki horien guztien ondorioz, ezkerra indarrik gabe geratu da, eta ahulduta aurkeztuko da bozetara; kanpaina txarra ere egin du, eskuin muturraren garaipenaren beldurrean oinarrituta, eta ezer berririk eskaini gabe.

M5S 5 Izar Mugimendua ere testuinguru zailean iritsiko da biharko bozetara. 2018an sekulako arrakasta izan zuen, bi ganberetan ordezkaritzarik handiena bilduta, eta agintera iritsi zen Legarekin itun bat eginda —erabaki horrek eskuin muturraren zilegitasunean sakondu zuen—. Lau urteotan, ordea, behera egin du barne desadostasunek eta koherentzia ideologikorik ezak bultzatuta, eta hirugarren geratzearekin konformatu beharko du Giuseppe Conte lehen ministro ohiaren (2018-2021) alderdiak; emaitza txarragoa espero zuten, baina auzi sozioekonomikoez egindako kanpainak Lega aurreratzeko balioko lioke. Hori bai, PD eta M5S zatituta aurkeztu izanak are erraztu die garaipena eskuindarrei, balizko aliantza hori izan zitekeelako oztopo bakarra.

Hiru urte baino gehiago dira inkestek FdIren garaipena iragartzen dutela. Denera, koalizio eskuindarrak botoen %47 inguru bilduko lituzke, eta, beraz, aulkien gehiengo osoa lortuko luke Diputatuen Ganberan eta Senatuan; hori bai, ez litzateke eserlekuen bi herenera iritsiko, aldaketa konstituzionalak egiteko beharrezko kopurura.

Melonik, halere, garaipen mezua bidali zien jarraitzaileei haren alderdiaren kanpainako azken mitinean: «Gure garaipenaren ondoren, azkenean burua altxatu ahalko duzue, eta beti pentsatu duzuena hitzez adierazi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.