Bertsolaritza

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost punturen aldearekin.

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ANDONI CANELLADA/FOKU
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 25a
19:53
Entzun

Goia jo jabe aritu dira gaur sei bertsolariak Arrasateko (Gipuzkoa) saioan. Jausi dira tarteka, baina utzi dituzte ariketa bakoitzeko ale politak ere. Nolanahi ere, atzoko saioan baino puntu gutxiago izan dira gaur. Joanes Illarregi izan da denetan nagusi, hark lortu baitu puntu gehien: 678. Ez da aise gailendu, ordea; Saioa Alkaiza izan baitu atzetik, 673 puntu eskuratuta. Koska handiagoa izan da ondorengoentzat: 664 punturekin egin baitu hirugarren Iñaki Apalategik. Xabat Illarregi izan da laugarren, 659 puntu bilduta. 12,5 puntutara geratu da bosgarren Miren Amuriza, 646,5 puntu lortuta, eta haren atzetik, seigarren, Gorka Pagonabarraga, 616 punturekin.

Puntuazioa kontuan hartuta, Joanes Illarregik Elizondoko (Nafarroa) finalaurrekoan kantatuko du urriaren 22an, Unai Agirrerekin eta Alaia Martinekin batera, eta gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Goraino bete da Arrasateko Amaia antzokia. Are, ostegunean iragarri zuen Bertsozale Elkarteak agortuta zeudela sarrerak. Gaur izan da azken unean erosteko aukerarik, baina berehala agortu dira horiek ere. Bertsolariak animoz betetzeko bi pankarta handi izan dira oholtzarekin parez pare, eta baita bere funtzioa bete ere. Joanes Illarregirentzat zen bata: «Joanes ikasten da, eta ez begira. Jarri mingañe saltsan!». Lelo horretxen gainean jarri dute txikiago bat azken orduan: «Ta aupa Xabat!». Izan ere, azken orduan iritsi zaio Bertsozale Elkarteari albistea ere. Alegia, Xabier Silveirak ezin izan duela kantatu arrazoi pertsonalak tarteko, eta Xabat Illarregi sartu da haren ordez. Alkaizaren pankartak, berriz, horrela zioen: «Madame Alkaiza, atera zure erregaia!».

Gaiak etorri moduan erantzun dituzte sei bertsolariek, baina erori gabe eutsi die Joanesek. Ganbarako lanean nagusitu da gehienbat. Hau zuten gaia: «Autoa hartu duzu bila joateko. Iristear zinela, ordea, buleta ematea erabaki duzu». Semea ordu txikitan parrandara joana zuenaren aitaren papera hartu du irabazleak, eta horrela borobildu du bertsoaldia:

Kotxean sartu giltzari eman
eta jaitsi dut kristala
andreari diosala
ta pentsatu dut nere semeak
ederki entzun nazala
baina bidean heltzear nintzen
herria zen berehala
ta buelta eman dut hala
bere adina genuenean
egiten ginun bezala
parrandarako heldua bada
modua aurki dezala.

Puntu gehien berak bildu dituela jakitun, asteburuero gozatzeko deia egin du Illarregik: «Gaurkoa bukatu da/gerokoak gero/segi zagun gozatzen asteburuero». Izan ere, saio bikoitza izango da datorren asteburuan ere.

Datorren asteburuan, beste bi saio

Getxoko eta Arrasateko saioen ondoren, hurrengo asteburuan ere beste bi final-laurdenekin jarraituko du txapelketak. Larunbatean Gotaine-Irabarnen izango da saioa, herriko gelan. Igandean, berriz, Gasteizko Europa jauregian izango da. 17:00etan hasiko dira biak.

Ikusi gehiago:Alaia Martinek irabazi du lehenengo final-laurdena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.