Errusia

Gutxienez hamairu pertsona hil dituzte Errusiako eskola batean, zazpi haur tartean

Errusiako erdialdeko Izhevsk hirian tiroketa bat izan da. Hiltzaileak bere buruaz beste egin duela esan dute agintariek, eta neonaziekin lotu dute.

Larrialdi zerbitzuetako langileak, eskolaren aurrean, sare sozialetan zabalduriko bideo bateko irudian. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 26a
12:05
Entzun

Bi tiroketaren berri heldu da Errusiatik. Larrienean, gizon armatu batek gutxienez hamahiru pertsona hil ditu Errusia erdialdeko Izhevsk hiriko eskola batean. Hildakoen artean zazpi haur daudela zabaldu dute agintariek.

Azaldu dutenez, hiltzailea bi pistolarekin sartu da eskolan. Ikasle, irakasle eta langileen aurka tiro egin ostean, bere buruaz beste egin du.

Oraindik ez dute esan nor zen, edo zergatik egin duen sarraskia, baina zabaldu dute «ikur naziak» zituen elastiko bat zeukala soinean, eta aurpegia estaltzen zion txano bat. Zabaldu duten bideo batean, gizonezko bat agertzen da eskola bateko gela bateko lurrean, odolez inguraturik itxuraz, eta svastika bat duen elastiko beltz bat jantzita.

Gutxienez bi irakasle eta segurtasun zaindari bat hil dituela zabaldu dute.

Mila neska-mutil inguruk ikasten dute eskola horretan. Hiriko erdialdean dago. 650.000 biztanle inguru ditu hiriak.

Errekrutatze zentro batean

Bigarren tiroketa Irkutsk eskualdeko Ust-Ilimsk hirian gertatu da. Errusiako armadak Ukrainako gerrarako soldaduak errekrutatzeko duen bulego batean gertatu da. 25 urteko Ruslan Zinin armaturik sartu da hara, eta gutxienez tiro bat egin du. Iturri batzuen arabera, bulegoko nagusia tirokatu du.

Sarean gertaeraren bideoak zabaldu dituzte, baina ez dute oraindik baieztatu benetakoak ote diren, edo gaurko tiroketari dagozkien.

Edonola ere, Irkutskeko gobernadore Igor Kobzevek adierazi du bulegoko burua hil edo bizi dagoela, eta tiratzailea atxilotu egin dutela.

Joan zen asteazkenean 300.000 erreserbista mobilizatzeko agindu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Ukrainako gerrara bidaltzeko. Geroztik, protestak izan dira hainbat eskualdetan, besteak beste Dagestanen eta Jakutian. Herrialde horietan kexu dira, proportzioan beste eskualdeetatik baino soldadu gehiago bidali dituztelako handik Ukrainarako gerrara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.