Garraioa

Jaurlaritzak zazpi milioi euro jarri ditu kamioiak berritzeko planerako

Asteartean hasiko da eskaerak egiteko epea. 34.000 eurora arteko laguntzak banatuko dira.

Hiru kamioi geldirik Oiartzungo aparkekuan. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 26a
12:24
Entzun

Iragan irailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen kamioien Renove plan bat abiarazteko asmoa zuela. Energia Kontingentziako Planaren ekinbideetako bat zen, eta asteartean hasiko da eskaerak egiteko epea. Jaurlaritzak zazpi milioi euro jarriko ditu funts horretarako, eta azaroaren 15era arte egin ahal izango dira eskaerak. 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen matrikulaturiko kamioiak aldatu ahal izango dira, betiere zaharrak txatartegi bidez suntsitzen badira.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak eman du laguntzen berri, garraiolari elkarteekin eta kamioilarien klusterrarekin bildu ondoren. Laguntza horiekin, garraio sektorea gero eta «jasangarriagoa» eta «eraginkorragoa» bilakatu nahi du Jaurlaritzak. Alde horretatik, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak nahi dituzte errepidean, haien erregai mota edozein izanda: gas likido edo konprimatua, biometanoa edo diesela.

Gauzak hala, autonomoentzako eta enpresentzako laguntzak egin dituzte publiko. Autonomoek, esaterako, 14.100 eta 34.000 euro arteko laguntzak lortu ahal izango dituzte, betiere kamioi berriaren ezaugarrien arabera. Enpresa handien kasuan, 13.500 eta 30.500 euro arteko laguntzak lortu ahal izango dituzte. Azken horien kasuan, asko jota hamar kamioirentzako laguntzak lortu ahal izango dituzte, eta horietatik bost baino ezingo dira izan dieselak. Muga horren arrazoia da «petrolioarekiko menpekotasuna» murriztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.