Eduki babestua

Zero Kilometro

Bertan eta bertako sortzaileei esker osatu ahal izan dugu aurtengo leloa, logoa eta ‘Irribarra’ abestia, guztiak zero Kilometro.

Txorimalo bat da bideoklipeko protagonista. UZTURPE IKASTOLA
2022ko irailaren 26a
15:43
Entzun

Irribarra da Gipuzkoako ikastolen aurtengo festarako aukeratutako leloa. Ibarrako Uzturpe ikastolak eskaini nahi zuen mezua, eta irribarreak ikusezin izan diren garaietan ikastolari garrantzitsua iruditu zitzaion irribarrearen balioa azpimarratzea, irribarreak zabalduaz, eta Irribarra leloa da emaitza. Izan ere, Irribarra izan daiteke komunikatzeko modua eta etorri berriari harrera egiteko modua. Lurrari begiratu, eta jatekoa ematen digunean, sortzen diren sentsazioen bizipena. Edo triste dagoenari animatzeko bidea, ikastolen lana egiteko modu berritzailea. Izan daiteke ere Euskal Herria eta euskara sentitzeko jarrera. Azken finean, Irribarra da guztion bizipoza.

Irribarra zaindu behar den hazia da, bere fruituak ematen dituena, eta hori da logoan islatu nahi izan dena. Ibarran, baratze herrian, irribarrearen haziak bota, eta elkar zaintzearen garrantziaz aritu dira azken urtebetean: balioen hostoak, errespetua eta elkarbizitzaren loreak, eta ikasle aktibo eta kritikoen fruituak gogora ekarri nahi izan dituzte. Lurra eta baratzearen marroia, bizitza eta piperraren berdea. Ibarran, irria, barra-barra: irribarra.

Kantua eta bideoklipa

Bizipoz hori islatu nahi izan dute, eta kantua da horren beste emaitzetako bat. «Ibarra da Irribarra. Euskara da, ikastola gu gara», diote Maider Eraunzetamurgil Elustondok eta Ane Zubia Aranaldek prestatutako hitzek. Irribarra kanta eta bideoklipak badu berezitasun bat, herritik herrira eta bertatik bertara sortua izan dela eta lanketa horretan herritar batek baino gehiagok hartu dutela parte. Musika sortzen Enrikko Rubiños Rezola aritu da, eta hitzak Maider Eraunzetamurgil Elustondok eta Ane Zubia Aranaldek jarri dizkiote. Abeslaria Eneritz Jauregi Lopetegi da, eta musikariak ere gertukoak izan dira; Unai Artola Eguren baxuan aritu da, Saioa Ugowe Balza teklatuan, Ander Zubillaga Artano gitarran, Rubiños bera baterian, Jon Garmendia Anfurrutia albokan, eta Rubiños eta Garmendia txalaparta jotzen.

Grabazio eta nahasketak Bonberenea estudioan egin dituzte, Karlos Osinaga Txap-ekin. Eta bideoklipari dagokionez, produkzioaz eta edizioaz Arri Studioa arduratu da.

Abestiak badu koreografia ere, eta herriko Alurr dantza taldea arduratu da horretaz. Zeinu hizkuntza ere ageri da bideoklipean, eta Julia Rodriguez Rojok, Maddi Ibarburuk eta Aransgi elkarteak hartu dute horretarako ardura.

Hezur haragitzen den txorimalo bat da bideoklipeko protagonista, eta panpina sortzen Aloña Peñagarikano Mujika aritu zen. Mugimendu artistikoa Nagore Leon Plazak eman zion, eta Uxue Murua Renobalesek gorpuztu zuen azkenean. Guztiak bertakoak, etxekoak, zero kilometro.

Esan bezala, Enrikko Rubiñosek ondu du kanta, eta oso esperientzia polita izan dela dio. «Lehen aldia izan da abesti bat hasieratik bukaeraraino neronek egin dudana. Vendettan eta La Topadoran, esaterako, konposizioak eginda etortzen ziren, eta bururatzen zitzaizun detaileren bat eransten nion, baina lan guztia neure gain hartzen nuen lehen aldia zen. Hasieran kezkaz begiratu nion proposamenari, baina erantzunarekin gustura geratu naiz. Hori bai, sekulako ekipoa izan dut aldamenean, musikari onak izan ditut ondoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.