Aurrekontuak

EH Bilduk «eskua luzatuta» dauka Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko

Laura Aznalek ohartarazi dio gobernuari «exijenteak» izango direla, eta galdegin dio egoeraren arabera ardura izatea.

Laura Aznal eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko irailaren 27a
13:05
Entzun

Legealdiko azken aurrekontuak aurrera ateratzeko, EH Bildurekin lortu beharko du akordioa Nafarroako Gobernuak, aurreko hiru urteetan bezala. Astelehenean, Javier Esparza Navarra Sumako lehendakariak adierazi zuen koalizio abertzalearekin hautsi ezean ez duela negoziatuko. Jarrera horrek EH Bildu bihurtu du beste behin solaskide nagusi.

Posizio horren jakitun, Laura Aznal EH Bilduko hautagaiak eta Bakartxo Ruiz eledunak iragarri dute «eskua luzatuta» daukatela. Asteazkenean bilduko da gobernua EH Bildurekin, eta, bilkura horren harira, EH Bilduk gobernuari eskatu dio azken urteetan erakutsi duen jarrera berarekin jokatzeko. «Egoeraren araberako erantzukizunez jokatu behar du».

Iragan astean onartu zuen 5.216 milioi euroko gastu muga Nafarroako Gobernuak. Uneotan, gobernu barruan, departamenduz departamendu bakoitzaren muga zehazteko lanketan ari dira. Elma Saizen arabera, urriaren erdialderako prest eduki nahiko lukete aurrekontuaren aurreproiektua.

Hiru akordio «onak»

EH Bilduko ordezkarien arabera, orain arteko aurreko hiru akordioak «onak» izan dira, eta euren ekarpenekin hobetu da azken testua. Hauteskundeak ate joka izanik eta egungo testuinguru ekonomikoan, EH Bilduk ohartarazi du «exijenteak» izango direla eta zerbitzu publikoak sendotzea izango dutela ardatz: «Hain egoera zailari aurre egiteko neurriak izan beharko dituzte, baina baita egiturazko neurriak ere». Hurrengo asteak intentsitate handikoak izango direla iragarri du Aznalek.

Hizpide izango dituzten gaien artean, honako hauek aipatu ditu: osasun arloko lehen arreta indartzea, itxaron zerrenden epea murriztea, garraio arloan enpresa publiko bat sortzea, 0-3 urteko haur eskolen egoera hobetzea eta eskubide sozialak, batik bat errenta bermadunaren inguruan. Gainera, beharrezkotzat jotzen dute pobrezia energetikoaren inguruko laguntzak ematea, hizkuntz eskubideetan aurrera egitea, eta aldaketa klimatikoaren aurkako zein trantsizio energetikoaren inguruko neurriak hartzea.

Aznal kezkatuta azaldu da, hainbat gai ez baitira bete aurtengo aurrekontuaren inguruko akordioan. Adibidez, estatuarekin hitzarmen ekonomikoaren zein inguruko negoziazioen egutegia eta sozietate zergako kenkarien azterketaren ingurukoa. Zerga arloan, «anbizioz» negoziatzeko gertu agertu da Bakartxo Ruiz.

Bileraren atarian, Navarra Sumak uko egin dio gobernuarekin negoziatzeri. Jarrera hori ikusirik, Bakartxo Ruizek salatu du eskuineko koalizioak «Ikuspegi alderdikoia» duela: «Bere helburu bakarra da egoera politikoa baldintzatzea. Orain arte ez dute lortu, eta ez dirudi lortuko dutenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.