Paris 365: «Dohaintzak eta kolaborazioak gutxitu egin dira, baina gastuak eta arreta, handitu»

378 pertsona artatu dituzte: gutxiago dira, baina egoera zailagoan daude.

Paris 365 jangela solidarioko langileak eta erabiltzaileak. BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
2022ko irailaren 27a
13:27
Entzun

Azken urteko balantzea aurkeztu du Paris 365 jangela solidarioak, Iruñean. Egiten duten lana beharrekoa den edo ez aztertzeko tresna bat dela azaldu du Maite del Campo Viguerak, Gizakia Herritar fundazioko presidenteak: «Desagertzeko sortu ginen, baina zoritxarrez, oraindik, ez gara desagertuko». 2021. urtean 378 pertsona artatu dituztela esan du Myriam Gomez Garcia Gizakia Herritar fundazioko koordinatzaileak: «Joan den urtean baino gutxiago dira, baina denbora gehiago geratzen dira: pertsona horien egoera kronifikatzen ari da». Hortaz, argi dauka «beharrezkoak» direla: «Egoera soziopolitikoaren eta gerraren ondorioz, atzerago geratzen ari dira».

Azken urtean izan dituzten erabiltzaileetatik, 122 familiak dira, eta horien %54 baino gehiago, adin txikikoak; gehienak haurrak. Guztira, 98.000 kilo elikagai inguru jaso dituzte, baina Gomezek nabarmendu du dohaintzak eta kolaborazioak gutxitu direla, eta gastuak eta arreta handitu: «Orekan gaude, baina ez dugu sarerik».

Guztira, zazpiehun bazkide eta laurehun boluntario dituzte, eta datorren krisiari aurre egiteko mila bazkide lortu nahi dituztela esan du Gomezek: «Ziurgabetasuna areagotzen ari da, baina elkartasun uholdeak handiak dira».

Horrekin batera, kultura sustatzearen garrantziaz ere mintzo dira. Joan den urtean Aporofobia stop antzezlana sortu zuten. Helburua zen baztertuta edo arriskuan daudenen kontrako gaitzespena salatzea, eta kulturaren kontsumitzaile eta sortzaile izatea. «Oinarrizko beharrak bermatzeko tresnak eman nahi dizkiegu, eta Brigitte Vasallo idazleak esaten duen bezala: 'Kultura oinarrizko ondasuna da'».

Antzezlanean, gehienbat, Paris 365 jangelako erabiltzaileek parte hartu zuten, eta bizipen propioetan oinarritu zuten. «Behin eta berriz erakutsi behar izan dut nor naizen: lanean, denak gizonak zirelako, eta gainetik pasatzen saiatzen zirelako; Iruñera iritsi nintzenean; eta, azkenik, antzezten», azaldu du Iris Mapaly Cardenas Aporofobia Stop antzezlaneko aktore eta Paris 365 jangelaren erabiltzaileak. Antzezlana berriz egiteko asmoa daukate, eta horren berri emanen dute ostiralean, 10:30ean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Bertan, 2022ko Teatrodix jaialdia aurkeztuko dute.

Horrez gain, datorren urteari begira eginen dituzten beste ekitaldi batzuk iragarri dituzte; besteak beste, futbol talde bat sortu dute Paris 365 jangela solidarioaren erabiltzaileekin, eta Gizarte erakusketa eginen dute Geltokin. Bertan jasotako dirua jangelarentzat izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.