Miren Larrion: «Ez naiz ezkutatuko, eta ez naiz geratuko burua altxatu gabe»

Dimisioa aurkeztu zuenetik lehen aldiz hitz egin du Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohiak, Euskadi Irratian. Oso egoera gogorra bizi izan zuela azpimarratu du, eta horrek eraman zuela kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzera.

Miren Larrion 2019. urtean, Gasteizen, hango udalerako alkategaia zenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 28a
08:37
Entzun

«Motxilan zama gutxiago dut, baina ezin dut ukatu gaixorik egon naizela». Hala aitortu du gaur goizean Miren Larrionek. Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohia, eta luze eta zabal hitz egin du buru osasunarekin izan dituen arazoez. Maiatzean lan komunitarioak egitera kondenatu zuen Gasteizko Epaitegiak, eta, epaiketan egin zuen moduan, elkarrizketan ere aitortu du egin zuena. Estatu zibila usurpatzeko delitua, ebasketa arinarena eta dokumentuak faltsutzearena egotzi zizkioten.

Ia hogei hilabete igaro dira dimisioa aurkeztu zuenetik, eta, sare sozialetan idatzi izan duen arren, gaurkoa izan du lehen agerraldi publikoa. Argi utzi du ez dela ezkutatuko, eta burua altxatuko duela: «Batzuengatik balitz, ni zigor etengabe batean biziko nintzateke, une oro ordaintzen egongo nintzateke, eta egoera hau betiko luzatuko litzateke», esan du. Dena den, Larrionek gehiago hitz egin du lagundu diotenen inguruan, lagundu ez diotenen inguruan baino. Goraipatu egin ditu alboan izan dituen lagunak, lagundu dioten Osakidetzako langileak, eta babesa adierazteko mezuak idatzi dizkiotenak.

Lehenik eta behin, gaixorik egon dela aitortu du: «Traumaren osteko estresa daukat diagnostikatuta, oso ondo banago ere». Esan du oraindik ere badituela horrekin lotutako hainbat arazo, baina ari dela lantzen «leku seguruetan eta psikologoarekin»: «Oraindik hainbat gauza ez dauzkat oroimen gisa prozesatuta. Oraindik, horietan pentsatzen dudanean, berriz bizitzen ditut, eta hori da osatzeko dudana, ikasturte honetan lantzeko dudana, baina gainontzeko zama guztiak kendu egin nahi ditut», adierazi du.

Erasoak

Dimisioa eman zuen garaia nola bizi izan zuen galdetuta, argitu du egin egin zuela «hedabideetan agertu dena»: «Lankide baten diru zorroa topatu nuen, eta pentsatu nuen hori izan zitekeela nire arazoaren irtenbideetako bat. Mehatxatuta sentitzen nintzen, eta irtenbide bat behar nuen. Haren agiriak erabili nituen kontu korronte bat irekitzeko, eta pentsatzen nuen ez niola minik egingo; espero nuen ezer ez gertatzea, dena itzuliko niola uste nuen, baita opari bat egin ere konpentsazio gisa, baina arazo handi batean nengoen».

Oso egoera gogorrean zegoela kontatu du Larrionek, «disoziatuta» zegoela, burua alde batetik zihoala eta sentimenduak bestetik. «Egunero lanean nenbilen, pozik nengoen asteburuan egun batez soilik lan egin behar banuen, ni nintzen azkena irteten udaletxeko bulegoetatik, eta, giro horretan, estres horretan, erasoak ere bazeuden. Ez une oro, baina edozein unetan egin ziezadaketen eraso. Zenbat denboraz bizi daiteke bat halako egoera batean? Nik horraino iraun nuen: amore eman gabe, baina burua zatikatuta», azaldu du. Gehitu du «trauma sortu dion horri buruz» ari dela «erasoak» dioenean.

Egoera horretara pixkanaka iritsi zela adierazi du EH Bilduko kide ohiak, eta ohitu egin zela: «Nire seme-alabek askotan esaten zidaten utzi egin behar nuela, eta nik ezin nuela erantzuten nien. Ni gauza bat egitera konprometitu nintzen, eta egin behar nuen. Niretzat amore ematea ez zegoen aurreikusita». Asko sufritu zuela gehitu du, baina ez zekiela zeinen gaizki zegoen. Oroitu du pandemia garaia zela, eta gaizki zegoela esaten zuenean ingurukoek erantzuten ziotela eurak ere hala zeudela.

Lasaitua

Entzuleei mintzatu zaie orduan: «Zu baldin bazaude gaizki, ez entzun ondokoak esaten beraiek ere hala daudela; agian ez zaudete berdin, agian gaizki egote hori oso ezberdina da. Ez haien errua delako, baina...». Atseden etxe batera jo zuela kontatu du, baina ez zituela bere arazoak ikusten: «Hiperfagia nuen, eta nutrizionista batengana jo nuen. Arazo fisikoak ere banituen, giharretako minak, eta fisioterapeuta batengana jo nuen. Gauean ezin izaten nuen lo egin, eta beroaldiak izaten nituen; bueno, ba, menopausia izango zela uste nuen».

Dimisioa emandakoan «lasaitu ederra» hartu zuela ere esan du, nahiz eta badakien «jendeak pentsatuko duela beste zerbait sentitu beharko» zukeela. Azaldu du lehenenik eta behin diru zorroa hartu zion lankidearengana jo zuela, azalpenak emateko. Eskertu egin dizkio erakutsiko eskuzabaltasuna eta jarrera. Alderdira ere jo zuen «dimisioa aurkeztera eta dena kontatzera». Arratsaldean, berriz, hainbat lagunekin hitz egin zuen, baina guztiekin gauza bera gertatzen zitzaiola esan du: «Dena azaltzen nien, eta inork ez ninduen ulertzen. Nik ikusten badut niretzat zentzua duela, baina beste inorentzat ez... agian zerbait gertatzen zait», pentsatu zuen.

Gau horren ostean jo zuen Osakidetzako psikiatrengana, eta berehala hasi zen tratatzen. Ekaitz mediatikoa izango zela ere bazekien, eta bakartzea erabaki zuen. Esan du ez zuela hura bizi izan: «Jende artean bizi nintzen, baina desherrian sentitzen nintzen. Whatsappeko eta Telegrameko mezuak ere ez nituen irakurtzen. Dena den, hasi nintzen merezi ez nuela uste nuen babesa jasotzen. Ez nuen ulertzen», azaldu du. Hedabideei ere eskerrak eman dizkie, «orokorrean» errespetuz tratatu dutelako. Gizarteak aurrerapauso bat egin duela ere azpimarratu du, gisa horretako arazoak hobeto onartzen direlako gaur egun: «Ezin dut kontatu ere egin zenbat babes keinu jaso ditudan». «Zigor iraunkorra» gaitzetsi du.

Jendearekin konektatu

«Ate bat ixten denean, ordea, leiho bat irekitzen da». Horrela azaldu du minbizia zuen lagun batekin izandako harremana, eta harekin eta bestelako arazoak zituzten lagun batzuekin osatutako taldetxoak eman dion indarra.

Osasun mentalarekin arazoak izan dituztela aitortu duten ospetsuen kasuak ezagutzeak ere lagundu diola esan du Larrionek, eta gehitu du orain berak lagundu nahi diela egoera horretan daudenei. Esan du oso garrantzitsua dela, bereziki, gazteen egoera: «Gure garaian, etxe guztietan egoten ziren aspirinak; orain, ia gazte guztiek dute lorazepama». Gaiaz gogoeta egin behar dela nabarmendu du.

Gasteizko Epaitegiak jarritako zigorrari dagokionez, esan du berak eskatu zuela lan komunitarioak egitea, eta horrek lagunduko diola «prozesua ondo amaitzen eta gainetik zama kentzen». Aktualitatearekin harremana izaten ere hasi da: «Hasieran The Guardian irakurtzen hasi nintzen; gero, La Vanguardia; gero izan zen Le Monde Diplomatique; eta, orain, BERRIA; orain jada BERRIA ere irakurtzen dut, duela hilabete batzuetatik. Baina gauza batzuk ez ditut irakurtzen», aitortu du.

Amaitzeko, politikaz jardun du: «Politika egiten denean sistema politikoari begira, alderdien arteko lehiei begira eta ez gizarteari begira, jendea politikatik aldentzen da. Ni saiatu naiz jendea iparrorratz moduan izaten, eta sentitu dut konexio hori itzuli didatela. Konektatu jendearekin, aldaketa hortik etorriko baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.