Sansohetako afera

Sansohetako laugarren akusatuak aitortu du adingabeez abusatu zuela, eta zigorra arindu diote

Astelehenean beste hiru gizonek onartu zituzten beren aurkako akusazioak, eta urtebete eta hamahiru urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten.

Epaiketaren asteleheneko saioa. L. RICO / EFE
Iñaut Matauko Rada - Edurne Begiristain
2022ko irailaren 28a
11:25
Entzun

Aurrera doa Arabako Foru Aldundiaren Sansoheta zentroan zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sarearen aurkako epaiketa, Arabako Probintzia Auzitegian. Hamar akusatuetatik lauk onartu dituzte jada beren aurkako akusazioak; hiruk astelehenean, eta laugarrenak gaur. Adingabeez abusatu eta haiek galbideratu izana aitortu du laugarren akusatuak, zeina psikologoa baita lanbidez, eta, fiskaltzarekin aurreakordioa eginda, zigorra arintzea lortu du.

Akusazioen gertuko iturrien arabera, bost urte eta erdiko kartzela zigorra ezarriko diote, nahiz eta kondena datorren astelehenean baieztatuko den. Epaiketaren bigarren saioa ateak itxita egiten ari dira; izan ere, akusatuek deklaratzeaz gain, biktimak deklaratzen hastea espero da.

Hamar akusatu

Hamar akusatuei Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sare bateko kide izatea leporatzen diete.

Orduan 14 eta 17 urte bitartean zituzten neska eta mutil batzuek egin zuten salaketa, 2016. urtean. Gasteizko Sansoheta zentroan bizi ziren. Akusatuetako asko horko langileak dira, eta, besteak beste, ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen dizkiete. Guztira 214 urteko zigorra eskatu dute akusatuen aurka.

Astelehenean hasi ziren epaiketaren saio publikoak, eta urriaren 3an amaituko dira, denera bost. Gaur eta bihar artean zazpi biktimak mintzatuko dira, ateak itxita, ez dadin jakin nor diren.

Gasteizko instrukzio epaitegiak eta Ertzaintzak eginiko ikerketaren arabera, akusatuek eduki sexualeko webgune baten bitartez kontratatu zituzten adingabeak sexu harremanak izateko. Jarduera horrek hamar hilabete iraun zuen.

2016ko urriaren 6an, gertatzen ari zena salatu zuen adingabe batek tutoretza batean. Orduan, psikologo bat espetxeratu zuten, eta zentroko langile bat identifikatu. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, orduan, adierazi zuen halakoak «edonon» gerta zitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.