Geopolitika

AEBek harremana estutzeko eginiko proposamenak ez ditu asebete Pazifikoko herrialdeak

Etxe Zuriak bi eguneko goi bilera bat antolatu du bere influentzia indartzeko. Txinarekin segurtasun itun bat sinatu zuen. Salomon Uharteek esan dute ez dutela akordiorik sinatuko.

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian. MICHAEL REYNOLDS / EFE
ander perez zala
2022ko irailaren 28a
13:24
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuek goi bilera bat antolatu dute, lehen aldiz, Pazifikoko herrialdeetako agintariekin. Eremu hori geopolitikoki gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den honetan, Etxe Zuriak Txinaren influentziari aurre egin nahi dio, eta horregatik erabaki zuen gaur hasi eta bihar amaituko den hitzordua antolatzea, Washingtonen. Helburua argia da: estatu horiekiko harremanak estutzea, eta AEBen interesak defendatzea. Hasiera, ordea, ez da baikorra izan, Salomon Uharteek uko egin baitiote Etxe Zuriak proposatu duen akordio diplomatikoa sinatzeari; gainontzeko herrialdeentzat, gainera, eskainitako laguntza ez da nahikoa.

Etxe Zuriak 11 puntuko adierazpen zirriborro bat aurkeztu die gonbidaturiko agintariei, eta elkarlana eskaintzen die «okertzen ari den klima krisiaren eta ingurune geopolitiko geroz eta konplexuagoaren» aurrean. Eduki aldetik, itun hori nahiko orokorra da, eta engaiamendua du oinarri, besteak beste, klima larrialdiaren kontrako borroka indartzeko, hazkunde ekonomikoa sustatzeko eta bakea eta segurtasuna bermatzeko.

Pazifikoko herrialdeetako buruzagiek, baina, neurri eta konpromiso zehatzagoak nahi dituzte AEBetako Gobernuaren partetik, eta, batez ere, ituna beren interesentzako ere mesedegarria izatea. Hau da, ez dute nahi Washingtonen peoi izan, batez ere geopolitikaren ikuspuntutik, Txinaren aurkako influentzien borroka geroz eta sutsuagoan.

Proposaturiko adierazpena zirriborro bat izanik, Etxe Zuriak espero du goi bileran gai izango dela itun horren edukia negoziatu eta adostasun batera iristeko —Joe Biden AEBetako presidenteak ere parte hartuko du—. Halere, badirudi Salomon Uharteek ez dutela hori egiteko asmorik, herrialde horren AEBetako enbaxadak ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera. «Salomon Uharteak ez daude adierazpen hori aste honetan onartzeko moduan, eta denbora beharko dute horretaz gogoeta egiteko eta ituna Salomon Uharteen erabakitzeko prozesu nazionalari [parlamentuari] helarazteko. Salomon Uharteek kontuan hartzen dute adierazpena eztabaidatzen ari direla, eta oraindik kontsentsua falta dela», azaldu die enbaxada horrek beste herrialde gonbidatuei, The Guardian egunkariaren arabera.

Jarrera horren arrazoietako bat izan liteke herrialde horrek Txinarekin iragan apirilean adostu zuen segurtasun akordioa. Horren arabera, Salomon Uharteek eskaria eginez gero, Pekinek, besteak beste, «poliziak, polizia armatuak eta tropak» bidali ahalko ditu herrialde horretan «ordena ezartzen laguntzera»; are, bere «beharren» arabera, Txinak baimena izango du uharte multzora «itsasontziak eta logistika» eramateko, baita uhartedia bidaietako trantsizio gune gisa erabiltzeko ere.

Batez ere azken neurri horiek eragin dute kezka inguruko herrialdeetan, Pekinek uhartedian base militar bat eraiki nahi duela iradoki baitezakete; Manasseh Sogavare Salomon Uharteetako lehen ministroak, ordea, adierazi zuen ez duela halakorik «onartuko».

Txinako Gobernuaren ordezkaritza bat itun hori adosten saiatu zen Asia-Pazifikoko beste herrialde askorekin, estatu horietara bidaiatuta, baina ezezkoa jaso zuen, gehienek nahiago dutelako AEBekin aliatuta jarraitu. Halere, akordio horrekin konparatuta, Washingtonena askoz ere orokorragoa da, Pekinena inbertsio kopuru eta programa zehatzez aritzen baitzen.

«Proposamena ez da nahikoa»

Etxe Zuriaren lehen eskaintza aztertu ondoren, egunotako goi bileran parte hartuko duten gainontzeko herrialdeek Washingtoni erantzun diote gehiago espero eta nahi dutela AEBetako Gobernuaren partetik, eta presio egiten aritu dira hori lortzeko. «Egungo proposamena ez dator bat gure irlek eremuko [Pazifikoko] segurtasunari eta egonkortasunari begira emandako laguntzarekin. Badirudi AEBen laguntza ekonomikoko proposamena aurrez erabakia eta beharrezko analisirik gabea dela... Modu sinplean esanda: AEBen laguntza ekonomikoa ez da nahikoa», besteak beste, Palauko eta Marshall Uharteetako enbaxadoreek Washingtoni esan diotenez, The Guardian-en arabera. Hori bai, Etxe Zuriari berretsi diote AEBak «oraindik ere aliaturik garrantzitsuena» izango direla.

Egunotako goi bilerarako prestakuntzek desadostasunen lehen zantzuak eman zituzten, Washingtonek Pazifikoko herrialde horietako enbaxadoreei eskatu baitzien Marshall Uharteetako afera nuklearra lantzeari buruzko erreferentzia kentzeko, Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez.

1946. eta 1958. urteen artean, AEBek 66 arma nuklear probatu zituzten herrialde horren inguruan, eta hamarkadotan horren ondorioak nabaritu dituzte Marshall Uharteetako herritarrek. Esaterako, minbizi tasa bikoiztu egin da, eta milaka pertsonak uharteditik atera behar izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.