Literatura

Edith Wharton batu da Literatura Unibertsala bildumara

Egile estatubatuarraren 1911ko ‘Ethan Frome’ nobela laburra euskaratu dute Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak. Izen bereko pertsonaiaren gorabeherak ditu ardatzean.

Inazio Mujika, Aintzane Atela, Miren Arratibel, Manu Lopez eta Joxean Muñoz, gaur goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko irailaren 28a
17:42
Entzun

«Perlatxo bat». Hala kondentsatu du, hitz bakarrean, Edith Whartonen (New York, 1862 -Saint-Brice-sous-Foret, Frantzia, 1937) Ethan Frome nobela laburra Inazio Mujika Ereineko editoreak, eta hitz gutxirekin osatu du segidan: «Perlatxo bat da, bai autorearen ibilbidean eta bai literaturaren historian». Ereinek eta Igelak publikatzen duten Literatura Unibertsala bildumara batu den azken lana da, eta Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak itzuli dute. 1911n kaleratu zuen jatorrizko lana egileak, eta izen bereko pertsonaiaren bizitza —eta bi maitasunen arteko zalantza— du kontagai. Alain Urrutiak egin du oraingoan ere liburuaren azala.

Lau eskutara itzuli dute eleberria Arratibelek eta Atelak, eta ez da hala lan egiten duten lehen aldia. Martuteneko itzultzaile eskola «mitikoan» elkarrekin hasi zirela ekarri du gogora Mujikak, eta batera aritu direla gerora ere, besteak beste, Lur Hiztegi Entziklopedikoan, Rosetta Testu Zerbitzuetan, eta baita zenbait literatur lan itzultzen ere; George Sanden Negu batez Mallorcan (1999), Groucho Marxen Groucho eta ni (2006) eta Toti Martinez de Lezearen Otalorea (2008), esaterako. «Eleberriaren gorabeheretan ibili gara geu ere; hotz eta uzkur batzuetan, itxaropenez beteta besteetan; negarrez pasarte tragikoenetan», adierazi du Arratibelek. «Berebiziko zortea izan dugu itzulpen lanerako bakartu eta buru-belarri aritzeko aukera izan genuelako. Herri bakarti batean eta negu minean».

Halakoxea baita, hain justu, eleberriaren giroa. XIX. mendetik XX. menderako igarobidean, Ingalaterra Berrian (AEB) kokatzen da narrazioa, Starkfield herrixka asmatuan, Massachussetsen. Hiru pertsonaia nagusi ageri dira bertan: Ethan Frome bera; haren emazte Zeena, gaixorik dagoena; eta emaztearen lehengusina Mattie, haien neskame bihurtuko dena. Hiruren arteko «maitasun harreman ezinezko bat» kontatzen du liburuak, eta, Arratibelen esanetan, baditu bi bereizgarri aipagarri: landa eremuan kokatua egotea, bata; eta pertsonaia nagusiak goi klaseko jendearen ordez herritar xumeak izatea, bestea. «Hala ere, bere obrako gai nagusietako bat gizarteko morala bete beharraren eta libre bizi nahi izatearen arteko kontraesana izan zen, eta hemen ere hori nabarmentzen da».

Bederatzi atalek osatzen dute eleberria, eta «etsipenak ezaugarritutako tragedia intentso bat» topatuko du irakurleak horietan, Arratibelek azaldu duenez. Ilun agertuko da senar-emazteen etxaldea hasieran, baina Mattieren etorrerak «zorion esperantza» ekarriko du; bai bederen gizonari, emazteari ezinegona sortuko baitio bien arteko desira jolasaz ohartzeak. «Kuriosoa da itxuraz ahula den emakumea nola agertzen den senarrarekiko gailentasun psikologiko batez. Eta gero dago Mattie, Zeenaren kontrako jarrera daukana bizitzaren aurrean; esker onez bizi da. Hiruren aurrean giro deserosoa sortuko da kapituluek aurrera egin ahala».

Eleberriaren egiturak ere bihurtu du klasiko Whartonen lan hau. Lehen atalean, narratzaile anonimo batek Frome ezagutuko du —lehen pertsonan kontatzen da hau—, eta, flashback handi baten bitartez, istripu bat eta ondotik gertatutakoak kontatuko dira hurrengo ataletan —hirugarren pertsonan—. «Istorioaren barruko beste istorio bat da», Arratibelen hitzetan.

Idazkera «zorrotz eta bakuna» erabili zuen egileak. Aitzitik, soiltasun horretan sinboloen ugaritasuna nabarmentzen dela aipatu du Arratibelek: «Bere gai kuttunak adierazteko —bakardadea, isiltasuna, gizartearen arauetatik at bizitzea, maitasuna, etsipena— sinbolo ugari eta indartsuak baliatzen ditu. Mattiek, esaterako, kolore biziko soinekoak erabiltzen ditu; eta Zeenak, berriz, kolore iluneko arropak. Ethanek eta Mattiek topo egiten duten lekuak maiz daude elurraren zuritasun itsugarri batek blaituta; Ethan eta Zeena elkartzen diren etxaldea, berriz, ilunak hartuta dago».

Egilearen ingurukoak aletu ditu aurkezpenean Atelak, eta hainbat arlotan aurrendari izan zela ekarri du gogora. Bera izan zela lehen Pulitzer saria jaso zuen emakumea; 23 urterekin ezkondu, gero dibortziatu, eta Lehen Mundu Gerran frontetik kronikak idazten aritu zela; garaiko artista eta idazle askoren gertuko izan zela; eta beste. «Oso modu librean bizi, eta oso pentsamendu aurreratua izan zuen garairako. Baina, hala izanik ere, ez zuen bat egin garai hartako sufragistekin, adibidez; kontraesanez betetako emakumea izan zen askoren ustez». Osatu zuen obra oparotik, The House of Mirth (1905) eta The Age of Innocence (1920) dira ziurrenik lanik sonatuenak.

Itzulpenaren «festa»

Literatura Unibertsala bildumako 185. zenbakia hartu du Whartonek, eta EIZIEko lehendakari Manu Lopez Gasenik poza agertu du bilduma urratsez urrats aurrera doalako. Gogora ekarri du martxan direla beste bi itzulpen—Elsa Moranteren L’isola di Arturo (Koldo Biguri) eta Karel Capeken Valka s mloky (Koro Navarro)—, eta urrian itzulpen berri bat esleituko dutela ere aurreratu du.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jasotzen du bildumak, eta haren ordezkari Joxean Muñoz ere izan da aurkezpenean. Itzulpena euskal irakurlearentzat «festa bat» dela aipatu du, eta urteekin irabazi duen izen ona ospatu: «Literaturaren eta euskal kulturaren alde egiten ari zareten lana paregabea da, eta inpresioa daukat gizarteak gero eta garbiago duela hori; gero eta zentralagoa da itzulpena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.