Eiffage enpresaren arabera, «ez dago arrisku sanitariorik» Angeluko obran

Eiffage enpresako komunikazio zerbitzuak BERRIAri esan dio enpresak «ulertzen» duela zabaldutako bideoek eragin «emozioa», baina segurtatu dute hondakin bizigabeak direla.

Hondakin meta bat, eraikuntza baten azpian, Angelun. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko irailaren 29a
11:42
Entzun

Angeluko (Lapurdi) BAB 2 merkataritza gunetik hurbil dagoen eremu batean, Eiffage enpresa eraikuntza bat egiten ari da, eta hango lurrean hondakin mordoa ageri den bideo bat zabaldu zuen Hugo Clement Frantziako kazetari ezagunak sare sozialetan. Polemika piztu du, eta Angeluko Herriko Etxeak berehala agindu du obra bertan behera uzteko. Izan ere, Claude Olive auzapezak erran du hondakindegi bat zegoela eremu horretan, eta Euskal Hirigune Elkargoaren gain utzi du ikerketa egiteko ardura. Eiffage enpresak gaur goizean erantzun dio BERRIAri, eta, komunikazio zerbitzuaren arabera, «ez dago arrisku sanitariorik» eremu horretan.

Eiffage enpresak baieztatu du lehen hondakindegi bat zegoela eremu horretan, baina segurtatu du beharrezko azterketak egin direla. Hasteko, haien hitzetan, «ohikoa» da halako obrak gisa horretako eremuetan egitea. «Laborantza lurrak atxiki behar diren heinean, geroz eta gehiago eraiki beharko da aurretik artifizializatuak izan diren eremuetan, Angeluko kasuan bezala». Segurtatu dute, halaber, ikerketaren arabera hondakinak bizigabeak direla, eta bizitegiak leku horretan eraikitzeak ez dakarrela arriskurik.

Bestalde, Eiffagek erran du «ulertzen» dutela Hugo Clement kazetariak zabaldutako irudiek «emozioa» eragin izana. Eta honako hau gehitu du: «Irudi horiek hondakinak bereizi eta kendu aitzin filmatuak izan dira». Hala, zehaztu dute obra eten dutela, Angeluko Herriko Etxearen aginduaren ondorioz, baina «prest» daudela «ahal bezain fite» berriz hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.