Bilboko metroa

Sestaoko eta Areetako metro geltokiak lotuko dituen trenak ez du makinistarik izango

Itsasadarraren azpitik igaroko den tren baten bidez, Bilboko Metroko lehenengo eta bigarren lineak lotuko dira.

Imanol Pradales Sestao e Areetako metro geltokiak lotuko ditun trenaren aurkezpenan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko irailaren 29a
12:36
Entzun

Bilboko Metroko lehenengo eta bigarren lineak tren batek lotuko ditu Sestaoko eta Areetako geltokietan (Bizkaia). Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurreratu zuen berria atzo, Bizkaiko politika orokorreko bileran, eta gaur eman ditu xehetasun gehiago Imanol Pradalesek Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Itsasadarraren azpitik igaroko den trenak lau minutuko bidaian lotuko ditu bi metro geltokiak, eta ez du tren gidaririk izango. Aurreikusi dute 2028an jartzea martxan trena.

Egun, 25 minutu behar dira Sestaotik Areetara metroz joateko, San Inazioraino bidaiatu behar baita lineaz aldatzeko. Itsasadarraren azpiko trenari esker, hogei minutu inguru aurreztuko dituzte erabiltzaileek. Egunean 5.000 pertsona ingururi zerbitzua ematea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Pradalesek azaldu duenez, trenaren sistema «aireportu batzuetan ikus daitekeen sistemaren oso antzekoa» izango da.

Metroaren erabilera areagotzea espero du aldundiak, eta aurreikusi du urtean 180.000 auto bidaia gutxiago egitea. Kopurua apala bada ere, baieztatu dute ezin dela «gaitzetsi»: «Egunean 6.000 kilometro inguruko ibilbideak egiten dituzten ibilgailu horien emisioa aurreztuko da».

Bi geltokiak lotuko dituen trenaren proiektuak multimodal bihurtuko du itsasadarraren azpiko tunela. Hasieran, ibilgailuentzat soilik aurreikusita zegoen, eta, atzo Rementeriak aurreratu bezala, tunelaren proiektuaren kostua 600 milioi euroraino helduko da, beste 185 milioi euro jarriko baitira trenbidea eraikitzeko.

Pradalesek adierazi duenez, eraikuntza proiektua 2023rako izango dute prest, eta eraikuntza lanak 2024an hasiko dira. Eraikuntzaren garrantzia azpimarratu du diputatuak, «Arrontegi zubiaren alternatiba» izango baita. 155.000 ibilgailu igarotzen dira egunean Arrontegitik, eta espero dute kopuru hori leunduko dela ibai azpiko tunelarekin. Tuneletik egunean 51.000 ibilgailu igarotzea aurreikusi du aldundiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.