Krisia Generalitatean

JxCko militanteek datorren astean erabakiko dute Kataluniako Gobernutik irten ala ez

Urriaren 6an eta 7an egingo dute kontsulta. Kataluniako presidenteak JxCri eskatu dio exekutiboan ala oposizioan egon nahi duen argitzeko. ERCk adierazi du Kataluniako Gobernuak aurrera jarraituko duela JxCk erabakitzen duena kontuan izan gabe.

JxCko idazkari nagusi Jordi Turull eta alderdiko presidente Laura Borras, bileraren ostean egindako agerraldian, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
Mikel O. Iribar - Mikel Elkoroberezibar Beloki - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko irailaren 29a
13:28
Entzun

JxC Junts Per Catalunyako zuzendaritzak erabaki du oraingoz ez dela Kataluniako Gobernutik aterako; hain zuzen, militantziaren esku utzi du gobernuan jarraitzeko ala ez segitzeko erabakia. Datorren astean egingo dute kontsulta: urriaren 6an eta 7an. Jordi Turull alderdiko idazkari nagusiak prentsa agerraldi batean iragarri du, alboan Laura Borras JxCko presidentea zuela. Zehaztu duenez, «zehaztapen, berme eta epeei» buruzko proposamen bat helaraziko diote Kataluniako presidente Pere Aragonesi, eurentzat erabakigarriak diren hiru puntu jasotzen dituena; hau da, prozesu independentista bultzatzeko norabide estrategikoa, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea. JxCko zuzendaritzak 19:30ak inguruan amaitu du bilera, Bartzelonan, bederatzi orduz eztabaidatzen aritu ostean.

«Igande gauean, ados jartzea beste lanik ez dugu. Ez da ultimatum bat», zehaztu du Turullek, eta nabarmendu exekutiboak «aho batez» hartu duela erabakia. Gisa horretara, JxCko zuzendaritzak Generalitatearen berehalako haustura saihestu du, nahiz eta bileraren barruan hainbat ahotsek babestu duten gobernutik irtetea; Toni Comin kontseilari ohiaren kasua izan da.

Borrasek eta Turullek ez dute argitu ea kontseilariek kanpaina egin ahal izango duten koalizioa batuta mantentzeko, ezta haiek parte hartuko duten ere. «Militantziak askatasunez bozkatuko du». Horixe besterik ez du esan Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak, eta galdera «argia» egiteko konpromisoa hartu du.

JxCk egindako adierazpen horiei erantzunez, Aragonesek gobernua osatzen duen alderdi kideari eskatu dio exekutiboan ala oposizioan egon nahi duen argitzeko. Hala iragarri du Generalitateko Presidentetzako iturriek. «Ikusi dugu ez dela egon berritasunik, ezta konfiantza mozioari buruzko jarrerarik ere», gehitu du presidenteak.

Bestalde, Kataluniako Gobernuko Presidentetza kontseilari Marta Vilagrak esan du ez dituztela aurreratuko hauteskundeak, eta gobernuak aurrera jarraituko duela JxCk erabakitzen duena kontuan izan gabe. Izan ere, JxCeko zuzendaritza bilduta dago, atzo gauean Kataluniako presidenteak Jordi Puignero Generalitateko presidenteordea kargugabetu ostean. Harenganako «konfiantza politikoa galdu» du Aragonesek. Izan ere, azaldu duenez, Puignerok ez zion jakinarazi JxCk konfiantza arazo batera aurkezteko eskatuko zionik uste duelako ez dela gobernu akordioa betetzen ari. Vilagraren arabera, oraindik «elkarlanean» gobernatu dezakete ERC Esquerra Republicanak eta JxCk.

Aragonesek ere nahi du JxCk ERCrekin batera osatzen duen koalizio gobernuan jarraitzea, eta atzoko hitzaldian jakinarazi zuen esperoan gelditzen dela alderdi horrek Puignero ordezkatzeko pertsona bat proposa dezan. Hori bai, ohartarazi du presidenteordearen eta Politika Digitalerako eta Lurraldetasun Politiketarako kontseilariaren kargua hartuko duenak «elkarlanerako borondatea» izan behar duela. «Presidenteordea kargugabetzeko urratsa mingarria zait, baina ezinbestekoa da gobernua indartzeko», gaineratu du.

Egun osoa eztabaidan igaro eta gero, 23:15ak aldera egin zuen atzo agerraldia Aragonesek, eta presidentearen hitzaldia amaitu bezain pronto erantzun zuen JxCek, ohar baten bidez. Puignerori «babes osoa» eman dio alderdiak, eta adierazi du Aragonesek «akats historiko bat» egin duela: «Arriskuan jarri du proiektu independentistaren jarraipena, eta bi alderdiek sinatutako gobernu akordioa urratu du», dio oharrak. Presidenteak presidenteordearen kargugabetzearen berri eman eta ordubetera, Puignerok hau adierazi du sare sozialetan: «Presidenteorde kargutik ken nazakete. Ez didate inoiz kenduko, ordea, Kataluniaren independentziaren alde lan egiteko dudan konpromisoa».

Jordi Turull JxCeko idazkari nagusiak gaur goizean adierazi du kargugabetutako presidenteordeak eta JxCeko gainerako kontseilariek «alderdiaren esku» utzi dituztela euren karguak. Gehitu du gobernutik «nahiko kanporatuta» sentitzen direla. Alderdiko buruzagiak bilduta daude orain, eta, Turullek aurreratu duenez, erabakiak «buruarekin eta bihotzarekin» hartuko dituzte.

Puignero kargugabetu badute ere, JXCeko sei kontseilari gobernuaren parte dira oraindik, euren karguak «alderdiaren esku» utzi badituzte ere: Jaume Giro Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Victoria Alsina Kanpo Harremanetarako eta Gobernu Irekiaren kontseilaria, Gemma Geis Ikerketa eta Unibertsitateen kontseilaria, Josep Maria Argimon Osasun kontseilaria, Violant Cervera Eskubide Sozialen kontseilaria eta Lourdes Ciuro Justizia kontseilaria.

Katalunia, «egoera oso zailean»

Kataluniako Gobernuaren «urgentziazko bilera» batera deitu zuen Aragonesek atzo arratsalderako. Izan ere, herenegungo politika orokorreko eztabaidan, Albert Batet JxCk Kataluniako Parlamentuan duen eledunak Aragonesi esan zion ERCk eta JxCk sinatutako «gobernu akordioa betetzeko bermerik» aurkeztuko ez balu konfiantza arazo batera aurkeztu beharko lukeela bere burua parlamentuan. JxCko kontseilariak eskari horrekin ados ote dauden eta haren berri ba ote zuten argitu nahi izan zuen Aragonesek atzoko bileran.

JxCk gobernu akordioa ez betetzea leporatzen dio ERCri, eta hiru eskari egin dizkio bien arteko krisia gainditzeko: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea.

Are, Aragonesek «bermerik» aurkeztu ezean, militanteei galdetuko die Junts Per Catalunyak koalizio gobernuan jarraitu behar duen ala ez. ERCk ez die erantzun koaliziokidearen eskariei, eta adierazi du ez duela «ultimatumik» onartuko. Aragonesek argitasun akordio bat adostu nahi du, Kanadaren eta Quebecen ildotik, gizartearen «aniztasuna» aintzat hartu eta autodeterminazioaren aldeko «adostasun zabala» bilduko duena.

Gobernua, «azken-azkenetan»

PSCko lehen idazkari Salvador Illak esan du Kataluniako Gobernua «azken-azkenetan» dagoela. Dena den, adierazi du ez duela bozkatuko gobernuaren konfiantza arazo baten alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.