Aragonesek Puignero Generalitateko presidenteordea kargugabetu du

Puignerorenganako «konfiantza politikoa galdu» du Aragonesek, ez zuelako espero JxCk konfiantza arazo batera aurkezteko aukera mahai gainean jarriko zuenik astearteko politika orokorreko eztabaidan.

Jordi Puignero Kataluniako Gobernuko presidenteordea eta Pere Aragones presidentea, herenegungo gobernu bileran. ENRI FONTCUBERTA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko irailaren 28a
14:41
Entzun

Atzo gauean Pere Aragones Kataluniako presidenteak Jordi Puignero Generalitateko presidenteordea kargugabetu zuen, harenganako «konfiantza politikoa galdu» zuelako. Presidenteak azaldu duenez, Puignerok ez zion jakinarazi JxC Junts Per Catalunyak konfiantza arazo batera aurkezteko eskatuko zionik, uste duelako ez dela gobernu akordioa betetzen ari.

Aragonesek nahi du JxCk ERC Esquerra Republicanarekin batera osatzen duen koalizio gobernuan jarraitzea, eta atzoko hitzaldian jakinarazi zuen esperoan gelditzen dela alderdi horrek Puignero ordezkatzeko pertsona bat proposa dezan. Hori bai, ohartarazi du presidenteordearen eta Politika Digitalerako eta Lurraldetasun Politiketarako kontseilariaren kargua hartuko duenak «elkarlanerako borondatea» izan behar duela. «Presidenteordea kargugabetzea mingarria zaidan urrats bat da, baina gobernua indartzeko ezinbestekoa», gaineratu du.

Barkamena eskatuz hasi zuen atzo prentsa agerraldia presidenteak, 23:00ak pasatuta, herrialdea «egoera oso zailean» dagoen garai honetan JxCk «gobernura zabaldu» duen krisiak haren «lana zaildu» duelako. Aragonesek nabarmendu zuen bere ardura dela «herritarrentzako onena» lortzen saiatzea, eta, horretarako, Kataluniak «erakunde egonkorrak» behar dituela. Presidentearen iritziz, egonkortasun hori ez da bateragarria bere burua konfiantza arazo batera aurkeztearekin eta gobernua «behin-behinekotasun egoera batean» uztearekin, egoera ekonomiko eta sozial «zaila» iragarrita dagoen «udazken eta negu honetan».

Kataluniako Gobernuaren «urgentziazko bilera» batera deitu zuen Aragonesek atzo arratsalderako, goizean bere hurbilekoekin egoera aztertu ostean. 17:00etan hasi zuen bilera kontseilari guztiekin, Generalitatearen egoitzan, Bartzelonako Sant Jaume jauregian. Izan ere, herenegungo politika orokorreko eztabaidan, Albert Batet JxCk Kataluniako Parlamentuan duen eledunak Aragonesi esan zion ERCk eta JxCk sinatutako «gobernu akordioa betetzeko bermerik» aurkeztuko ez balu konfiantza arazo batera aurkeztu beharko lukeela bere burua parlamentuan. JxCko kontseilariak eskari horrekin ados dauden eta haren berri bazuten argitu nahi izan zuen Aragonesek atzoko bileran.

Bileraren edukiari buruzko informazio kontraesanezkoak argitaratu ziren bilduta zeuden bitartean, eta ez dago argi eztabaidan zer hitz egin zuten. 20:00 aldera, Generalitatearen egoitzara iritsi zen Jordi Turull JxCko idazkari nagusia, Aragonesek berak deituta. 22:00ak inguruan, JxCko kontseilariek Sant Jaumeko jauregia utzi zuten, eta segidan iritsi zen Laura Borras JxCko presidentea, Aragonesen eta Turullen arteko bilerara batzeko.

JxCk gobernu akordioa ez betetzea leporatzen dio ERCri, eta hiru eskari egin dizkio bien arteko krisia gainditzeko: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea.

Are, Aragonesek «bermerik» aurkeztu ezean, militanteei galdetuko die Junts Per Catalunyak koalizio gobernuan jarraitu behar duen ala ez. ERCk ez die erantzun koaliziokidearen eskariei, eta adierazi du ez duela «ultimatumik» onartuko. Aragonesek argitasun akordio bat adostu nahi du, Kanadaren eta Quebecen ildotik, gizartearen «aniztasuna» aintzat hartu eta autodeterminazioaren aldeko «adostasun zabala» bilduko duena.

Koalizio gobernuaren etorkizuna, kolokan

ERCren eta JxCren arteko desadostasunek baldintzatu zuten herenegun Kataluniako politika orokorreko eztabaida. Bi alderdi independentista nagusien arteko ika-mikek kolokan jarri dute Generalitateko koalizio gobernuaren etorkizuna. Aragonesek gobernu akordioa «osorik» betetzeko borondatea agertu zion atzoko eztabaidan Batet JxCren parlamentuko bozeramaileari, ohartarazita JxCk ez dituela bete akordioko puntu guztiak. Presidentearen iritziz, JxCk ez du gobernua behar bezala babestu Espainiako Gobernuarekin abian duen negoziazio mahaian.

Aurreko egunetan, ERCk JxCri leporatu dio alderdi barruko krisia gobernura hedatzea, eta eskatu dio argitu dezala koalizioan agintzen jarraitu nahi duen ala ez. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak sortutako alderdian, bi sektore nagusi daude: batetik, Laura Borras JxCko presidenteak gidatzen duena, ERCk JxCren eskariei muzin eginez gero gobernutik ateratzearen aldeko jarrera argia babesten duena; eta, bestetik, Jordi Turull JxCko idazkari nagusiarena, ERCri exijentziak egin bai baina koalizio gobernua apurtzeko aukera gustuko ez duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.