Ingurumena

Gaur arratsaldean hasiko dira Ekotopaketak

Krisi ekosoziala erdigunean jartzea eta haren aurrean nola antolatu hausnartzea helburu izango dute. Gaur, bihar eta etzi izango dira, Portugaleten.

Yayo Herrero ekintzaile ekofeministak parte hartuko du Ekotopaketetan. IDOIA ZABALETA, FOKU
2022ko irailaren 30a
09:47
Entzun

Azken krisia, gure garaia lelopean, Ekotopaketak abiatuko dituzte gaur arratsaldean Portugaleten (Bizkaia). Igandera bitarte, Sastraka gaztetxean bilduko dira Euskal Herriko talde ekologistetako dozenaka kide, eta topaketak «mugarri» izatea espero dute. Gorka Laurnaga antolatzaileak asteon BERRIAn azaldu duenez, bi helburu nagusi dituzte Ekotopaketek: batetik, egungo krisi ekosoziala agendaren erdigunean jartzea, eta, bestetik, horri aurre egiteko Euskal Herrian nola mobilizatu edo artikulatu eztabaidatzea.

Egitarau oparoa dute Ekotopaketek: hitzaldiez eta mahai inguruez gain, bertso saioak eta musika emanaldiak ere izango dira egun hauetan. Gaur 18:00etan egingo dute irekiera ekitaldia, eta 18:30ean hiru mahai abiatuko dituzte: lehenean, ekologismo sozialaren erronkez arituko da Yayo Herrero antropologoa, Maitane Nerekanekin batera; bigarrenean, estraktibismoaz eta haren ondorioez jardungo dira; eta hirugarrenean, euskal ekologismoaren iragana eta geroa aztertuko dute.

Bihar ere askotariko gaiak jorratuko dituzte: ingurumenaz ez ezik, krisi ekosozialak blaitzen dituen hainbat auziren inguruan ere arituko dira. Goizean, 10:00etatik 13:00etara, ekofeminismoaren ekarpenak aztertuko dituzte, eta bizitzaren garestitzeaz hausnartuko dute, besteak beste. Bazkalostean eta iluntzera arte, berriz, aztergai izango dituzte klima krisia eta bioaniztasuna, lanaren eta enpleguaren antolakuntza krisi ekosozialarekin lotuta, trantsizio ekologikoaren ezaugarriak, azpiegitura handien ondorioak, energiaren sektoreari lotutako negozioa edota gazteen etorkizuna larrialdi ekosozialaren aurrean.

Igandean, 10:00etan, batzar handi bat egiteko asmoa dute, galdera honi erantzuteko: nola heldu krisi ekosozialari Euskal Herritik? Azkenik, 12:30ean egingo dute Ekotopaketei amaiera emateko mobilizazioa eta ekitaldia, Merkatu plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.