Gerra Ukrainan

Gutxienez 25 hil eta 50 zauritu zenbatu dituzte Ukrainan konboi humanitario bati eginiko eraso batean

Erasoa Ukraina hegoaldean izan da, Zaporizhia hirian

Errusiaren aldeko mezua duen kartela Zaporizhia eskualdean. SERGEI ILNITSKY
2022ko irailaren 30a
09:55
Entzun

Ukrainako Fiskaltzak jakinarazi duenez, 25 pertsona hil eta 50 inguru zauritu dira Errusiaren misilek eraso egindako konboi humanitario batean. Anna Tkatxenko Zaporizhiako Polizia nazionalaren komunikazio arduradunaren arabera, berriz, 62 dira ospitaleratutakoak. Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk eskualdeek Errusiako Federazioarekin bat egiteko ituna gaur sinatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Ituna sinatu baino lehenago gertatu da erasoa, herrialdearen hegoaldean, Zaporizhia hirian.

«Erasoa izan den eremuan zibilen konboi bat zegoen, kontrol postua zeharkatu eta lurralde okupatuan sartzen saiatzen», adierazi du Tkatxenkok. Kyrylo Timoxenkok, Ukrainako Presidentetza Bulegoko bigarrenak, erran du Errusiako tropek hamasei S-300 misil jaurti dituztela eremu hartan.

Aldez aurretik erasoaren berri emana zuen Oleksandr Starujek, Zaporizhia (Ukraina) hiriko administrazio militarraren arduradunak: «Etsaiak konboi humanitario zibil bat bonbardatu zuen, misilez, eskualdearen erdigunetik irtetean. Jendea ilaran zegoen aldi baterako okupatutako lurraldera joateko, senideak hartzera, laguntza eramatera. Hildakoak eta zaurituak daude». Erreskate taldeak, medikuak eta larrialdi zerbitzuak bertaratu dira.

Erantzunak

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gertakaria gaitzetsi du. Zelenskiren erranetan, Errusiaren helburua «mendekua hartzea» da, Ukrainak erakutsi duen sendotasunagatik. «Ziur egon kontuak emanen dituzuela galdu den bizitza ukrainar bakoitzeko», gehitu du Zelenskik.

Nazio Batuen Erakundeak ere (NBE) gaitzetsi egin du gertatutakoa, «eraso izugarritzat» jota. Saviano Abreuk, NBEko Arazo Humanitarioen Koordinazioko bulegoko buruak, adierazi du litekeena dela zibilen helburua izatea errusiarren aldeko indarrek kontrolatutako eremura pasatzea. «Vladimir Putin presidenteak lurralde horien anexioa iragar dezakeelako», argitu du Abreuk. Erran du, gainera, Ukrainaren eta Errusiaren aldeko autoritateak elkarri errua botatzen ari zaizkiola, baina «oso konplikatua» dela jakitea nork duen erantzukizuna. «Ikerketa bat eskatzen dugu, eraso hori nork egin zuen jakiteko», gehitu du Abreuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.