GERRA UKRAINAN

Ukrainan okupatutako lurraldeak anexionatu ditu Errusiak

«Errusiak beste lau eskualde dauzka», nabarmendu du Putinek Kremlineko ekitaldian, Zaporizhiari, Donetski, Khersoni eta Luhanski erreferentzia eginez. Zelenskik iragarri du NATOko kide bihurtzeko eskaera egingo duela, horretarako urgentziazko prozedura baliatuta. EBk esan du «legez kanpokoak» direla anexioak.

Putin eta okupatutako lurraldeetan Moskuk jarritako agintariak, gaur, Kremline. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 30a
14:39
Entzun

Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk eskualdeek Errusiako Federazioarekin bat egin dute ofizialki. Izan ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak arratsaldean sinatu ditu Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko hitzarmenak, Kremlineko San Jurgi areto arranditsuan egindako zeremonian. «Errusiak beste lau eskualde ditu», nabarmendu du Putinek ekitaldian. Horretan parte hartu dute, gainera, eskualde horietan Moskuk ezarritako administrazio militarreko liderrek.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen erantzuna pare bat ordu geroago heldu da. Iragarri du Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko eskaera egingo duela Ukrainak, horretarako urgentziazko prozedura erabilita. Agintariak Telegramen idatzi du herrialdea «de facto» dagoela Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzeko bidean, eta «bateragarritasuna» erakutsi duela estandar militarrekin.

Putinek ekitaldian esan du herritarrek «aukeratu» dutela Errusiako Federazioarekin bat egitea, «erreferendumetan» bozkatu ondoren. Moskuk hauspotu ditu galdeketa horiek, ikusi duenean Ukrainaren kontraeraso militarra areagotzen ari dela Ukraina ekialdean eta hegoaldean. Mendebaldeak ez die zilegitasunik ematen emaitzei, argudiatuta nazioarteko zuzenbidea urratu dutela. Kremlineko buruaren arabera, ordea, «milioika herritarren borondatea» izan da. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du herritar askok behartuta bozkatu zutela. Hori guztia dela eta, Europako Batasunak zigor ekonomiko gehiago jarriko dizkio Errusiari. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak berehala erantzun dio Putini, eta ohar batean azpimarratu du «legez kanpoko anexioek» ez dutela ezer aldatzen.

Ikusi gehiago: Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu dute Ukrainan okupatutako lurraldeetan

Eta Zelenskiri ere zuzendu zaio, eta eskatu dio «2014an hasitako ekintza militarrak alboratzeko», eta negoziazio mahaira itzultzeko. «Gu prest gaude, eta askotan esan dugu». Hori bai, ohartarazpen bat egin dio bide batez: «Gure lurrak defendatuko ditugu eskura dugun indar guztia erabiliz, eta edozer egingo dugu herritarren segurtasuna bermatzeko». Zelenskik adierazi zuen atzo, anexioak gauzatu bezperan, «gogor» erantzungo diotela Moskuren erabakiari, eta Ukrainaren lurralde batasuna «berrezarri» asmo dutela.

Mendebalderi ere mezu bat helarazi nahi izan dio Putinek, eta «gutiziatsua» izatea eta Errusia bere «kolonia bat» bihurtu nahi izatea egotzi dio. «Ez gaituzte gizarte libre baten moduan ikusi nahi, esklabo pila baten moduan baizik».

Kremlinek garrantzia eman dio gaurko egunari, eta, horregatik, zeremoniaren ondoren festa bat ospatuko dute Moskuko Plaza Gorrian, eta, besteak beste, kontzertuak egongo dira.

Joan den ostiraletik asteartera bitartean egin zituzten galdeketak. Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten; Luhansken, %98k; Zaporizhian, %93k, eta Khersonen, %87k. Putinek adierazi du Donbassko herritarrak Ukrainaren «eraso terrorista bidegabeen» biktima izan direla.

Gerrako frontean, bestalde, Ukrainako Fiskaltzak jakinarazi du Errusiako indarrek konboi humanitario bati eraso egin diotela Ukraina hegoaldean, eta gutxienez 25 pertsona hil dituztela.

Ikusi gehiago: Gutxienez 25 hil eta 50 zauritu zenbatu dituzte Ukrainan konboi humanitario bati eginiko eraso batean

Eta Ukrainak jarraitzen du kontraeraso militarrean. Donetskeko herri errepublikako lider errusiazale Denis Puxilinek aitortu du Ukrainako indarrek Errusiakoak ia guztiz inguratu dituztela Donetskeko Lyman herrian. Reuters berri agentziaren arabera, horrek modua ematen dio Ukrainari Donetsken eta Luhansken azken zortzi urteetan galdutako lurrak berreskuratuz joateko. «Gure ekitaldi historikoak zapuzteko ahaleginean ari dira», kexatu da Puxilinek sare sozialetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.