Droga trafikoa

Ertzain bat atxilotu dute, etxean 55 kilo kokaina zituela

Bilbon patruilan aritzen zen 49 urteko agente bat da. Beste pertsona batekin batera hartu dute preso. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak adierazi du atxikitako drogak 10 milioi euroko balioa duela merkatuan.

Atxiloturiko ertzaina 14. promoziokoa zen. Irudian, 17. promozioaren aurkezpena Arkauten, 2002an. JON HERNAEZ / FOKU
2022ko irailaren 30a
11:32
Entzun

Duela urtebetetik zaintzapean zuten A. S. M. ertzaina, droga trafikoan zebilela susmatzen zutelako. Atzo atxilotu zuten, beste pertsona batekin batera, etxean droga kantitate handi bat zuela jakin zutelako. Izan ere, 55 kilo kokaina topatu dute haren etxebizitzan.

Bilboko ertzain etxeko agentea da atxiloturikoa. Preso hartu duten beste pertsona ez da ertzaina, eta ez du aurrekaririk droga trafikoaren arloan; bai, ordea, lesio delituen arloan. Ertzaintzako Barne Aferetako eta Bilboko ertzain etxeko drogen taldeko agenteek egin zuten operazioa, atzo, Galdakaon (Bizkaia).

Zabaldu dutenez, ustez Kantabriako (Espainia) narkotrafikatzaile batek zuzenduriko sareko kidea izan zen 49 urteko ertzaina, baina azken boladan bere kabuz zebilen trafikoan.

Ikerketa «oso zaila» izan dela esan du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, ertzainak «metodologia nahiko landua zuelako narkotrafikoan aritzeko». Erkorekak azaldu duenez, atxiloturikoak «droga kantitate handiak» eramaten zituen Bilbora, eta handik zabaltzen zuen Euskal Herrian eta inguruko eremuetan, Kantabrian eta Aragoin besteak beste (Espainia). Kalkulatu dute atzo atzemandako 54 kilo kokainak hamar milioi euro balio zezakeela kalean. Horrez gain, 20.000 euro atzeman zizkioten atxiloturiko ertzainari.

Azalpenok eman ditu Erkorekak gaur goizean, Gasteizen. Ordu batzuk lehenago, mintzagai izan da afera Eusko Legebiltzarrean, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bilduko legebiltzarkideak «zentsura eta informazioa ezkutatzea» egotzi dionean Erkorekari. Legebiltzarkideak eta herritarrak ertzain bati 55 kilo kokaina atzeman izana prentsaren bidez jakin behar izatea txarretsi dio Arzuagak sailburuari. «Ez dute nahi guk ikustea, ez dute nahi guk jakitea».

Lehenago ere atxilotu dituzte ertzainak droga trafikoarekin lotuta. Iaz, Ertzaintzan 20 urte zeraman polizia bat hartu zuten preso, Valladoliden (Espainia) eginiko operazio batean. Kokaina zeramaten bi kamoi handi atzeman zituzten orduan.

Are deigarriagoa izan zen 2008ko azaroaren 16an eginiko operazioa. Sei lagun atxilotu zituzten Bizkaian ustez droga trafikoan aritzeagatik. Atxilotuetako bat 36 urteko ertzain bat zen, eta, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren arabera, hura zen talde horren burua. Ertzaina bere kide bati 200 gramo kokaina saltzen ari zela atzeman zutela adierazi zuen Barne Sailak. Atxilotuei bi kilo kokaina, suzko bi arma, balantzak, 150.000 euro eta droga biltzeko materiala atzeman zieten.

10 milioi euroko balioa

Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, kasuari buruzko xehetasunak eman ditu prentsaren aurrean. Adierazi du atxikitako kokainak merkatuan 10 milioi euro inguruko balioa duela. Bestalde, adierazi du Madrildik ekartzen zutela droga Euskal Herrira, «kopuru esanguratsuetan».

Drogarekin batera 20.000 euro inguru topatu zituzten ertzainek atxilotuaren etxean, eta, ikerketan egin dituzten kalkuluen arabera, joan den urtean 300.000 euro inguru irabazi zituen kasuko inplikatu nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.