Literatura

‘Amek ez dute’ nobelaren nederlanderako itzulpenak irabazi du Etxepare Saria

Mariolen Sabarte itzultzailearen lana eta Zirimiri Press argitaletxearen zabalpena nabarmendu ditu epaimahaiak. 4.000 euro jasoko dituzte erdibana.

Henrike Olasol Zirimiri Press-eko editorea, Mariolein Sabarte itzultzailea eta Katixa Agirre idazlea. MITXI CALVO
Inigo Astiz
2022ko irailaren 30a
12:28
Entzun

2018. urtean eman zuen argitara Katixa Agirrek Amek ez dute eleberria (Elkar), eta hizkuntzaz hizkuntza joan da geroztik mundura zabalduz. Agirrek berak itzulita eman zuten gazteleraz, esaterako, 2019an, eta itzulpen hura hartu du oinarri Mariolein Sabart Belacourtek nederlanderara eramateko. Moeders zullen nooi da nederlanderazko izenburua, eta itzulpen lan hori izan da urteko itzulpenik onena Etxepare Laboral Kutxa Itzulpen Saria ematen duen epaimahaiaren iritziz. 4.000 euro jasoko dituzte erdibana itzultzaileak eta lana kaleratu duen Zirimiri Press argitaletxeak orain. Eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza ere jasoko dute argitalpen hori sustatzeko.

«Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, itzultzailearen ibilbide sendoa aitortu nahi da sari honekin, bizitza osoan egindako lana, hain zuzen». Itzulpenaren kalitatea ez ezik, argitaletxeak egindako sustapen lana ere hartzen du kontuan epaimahaiak saria hautatzeko. Eta, hain justu, Sabartek eta Zirimiri Pressek alor horretan egindako «promozio lana» ere nabarmendu dute, horregatik. Eta argitaletxearen ibilbidea ere saritu dute horregatik; «euskal lanak zehazki, eta hizkuntza gutxituetakoak orokorrean, itzultzeko egindako apustu garbiagatik».

Euskal literaturaren ikur

Gaur jakinarazi dute albistea Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta bertan izan dira idazlea, itzultzailea, argitaratzailea eta Eusko Jaurlaritzako, Etxepare Euskal Institutuko eta Laboral Kutxak ordezkariak. Sariaren berri ematearekin batera zabaldutako oharrean esan dutenez, «euskal literatura garaikidearen ikur» bilakatzen ari da. Euskaraz sortu, eta jadanik, besteak beste, gaztelerara, frantsesera, ingelesera eta katalanera itzuli dute lana. Eta, iaz jakinarazi zutenez, eleberria film bilakatzeko lanetan ere badabil Mar Coll zuzendari kataluniarra.

2015ean jarri zuten abian Etxepare Laboral Kutxa Itzulpengintza saria, eta, ordutik, besteak beste, Bernardo Atxagaren, Eider Rodriguezen, Joseba Sarrionandiaren, Gabriel Arestiren eta Kirmen Uriberen lanen itzulpenak saritu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.