Aragonesek ezetza eman die JxCren baldintzei

Kataluniako Generalitateko presidentearen ustetan, «argi» dago koaliziokideen proposamena «akordiorik ez lortzeko pentsatuta» dagoela. Besteak beste, Puignero presidenteorde kargura itzultzeko eskatu dute.

Pere Aragones Generalitateko presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuan. MARTA PEREZ / EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 1a
17:49
Entzun

«Akordiorako borondaterik» ez dagoela argudiatuta, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak azaldu du ezezkoa eman diola JxC Junts Per Catalunyak legealdirako gobernu akordioa betetzeko helarazi dion proposamen sortari.

Efe berri agentziak atzo gauean egin zuen publiko dokumentu hori, eta lau baldintzak honakoak dira: Jordi Puignero Generalitateko presidenteorde kargura itzultzea; soilik amnistiaz eta autodeterminazioaz negoziatzea Espainiako Gobernuarekin abiaturiko elkarrizketa mahaian, eta JxCk proposaturiko ordezkariak onartzea —orain artekoak nahitaez izan behar dira Generalitateko kontseilariak—; Kataluniako independentistek Espainiako Gorteetan fronte bateratua osatzea —besteak beste, aurrekontuak negoziatzeko—; eta prozesu subiranistaren buruzagitza bat berriz aktibatzea, koordinazioa eta zuzendaritza estrategikoa zehazteko.

La Vanguardia egunkariari emandako eta gaur argitara ateratako elkarrizketan, Aragonesek erantzun du «argi» dagoela JxCk bidalitako proposamena «akordiorik ez lortzeko pentsatuta» dagoela: «Hortaz, proposamen serio bat badute, akordiorako borondatearekin, beti esan dugun bezala, baloratuko dugu».

JxCk bihar gauera arteko epea finkatu du ERC Esquerra Republicanarekin negoziatzeko; bi alderdiek akordiorik lortzen ez badute, militanteei iritzia eskatuko diete gobernutik ateratzeaz —datorren ostegunean eta ostiralean bozkatuko lukete—. Atzo, politika orokorreko bigarren eztabaidan, Generalitateko presidenteak esan zuen koalizioak jarraitzea «lehentasun bat» dela harentzat.

Iragan asteartean, politika orokorreko lehen eztabaidan, JxCk konfiantza mozio bat aurkeztearekin mehatxu egin zion Aragonesi, argudiatuta ez zela betetzen ari gobernu ituna. Asteazkenean, berriz, aurreikusiak zituen zereginak utzi, eta gobernua «urgentziaz» bildu zuen Generalitateko presidenteak, JxCko kontseilariak konfiantza mozioarekin ados zeuden eta horren berri bazuten argitu nahian; hala, 23:00ak pasatuta egin zuen agerraldia, eta Puigneroren kargugabetzearen berri eman zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.