Berdintasuna

Emakundeko zuzendari kargutik kendu dute Izaskun Landaida

Miren Elgarresta izendatu dute ordezko; Berdintasuneko foru zuzendaria izan da orain arte Gipuzkoan.

Arantxa Iraola - Maite Asensio Lozano
2022ko urriaren 4a
12:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan hainbat kargudun berri izendatu dituzte gaur. Besteak beste, Emakundek zuzendari berria izango du. Izaskun Landaidak izan du kargu hori 2013. urtetik, baina orain Miren Elgarrestak hartuko du. Gipuzkoako Foru Aldundian Berdintasuneko foru zuzendaria izan da orain arte. Zumarragakoa (Gipuzkoa) da Elgarresta, 1965ean sortua.

Agur gutun bat idatzi du Landaidak. Emakundeko zuzendari izatea «ohorea» izan dela esan du. Eskerrak eman dizkie urteotan berekin jardun duten lankideei eta gertukoei. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako bidean oraindik «erronka» handiak daudela gogoratu du, eta aurre egin behar zaiela hainbat «inertziari» ere. Aurrerantzean ere berdintasunaren aldeko urratsak egiten jarraituko duela esan du.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eskertu egin du Landaidak Emakunderen zuzendaritzan egin duen lana. Azaldu du, ordea, «beharrezkoa» zela aldaketa. Berdintasun planen arloan erronka berriak datozela esan du, eta bestelako zuzendari soslai bat behar dutela orain Emakunderen zuzendaritzan. Elgarrestak adierazi du erronka horiei aurre egiten «lagunduko» duela.

Hirugarren legegintzaldia, aldaketekin

Ugaokoa (Bizkaia) da Izaskun Landaida, eta hango alkate karguan hasi zuen ibilbide politikoa, 2007an; urte berean izendatu zuten Eudeleko berdintasun arduradun, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Genero Indarkeriaren Behatokian ere sartu zen. EAJ Jaurlaritzara itzuli zenean izendatu zuten Emakundeko zuzendari, Iñigo Urkulluren eskutik, 2013ko urtarrilean.

Emakunderen gidaritzan hirugarren legegintzaldia izan du hau Landaidak, eta aldaketa handi bati egin behar izan dio aurre: 1988an sortu zenetik, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan kokatuta egon zen Emakunde, baina 2020ko hauteskundeen ondoren, gobernuan Berdintasun Saila sortu eta zuzendaritza moduan hara eraman zuten berdintasun institutua. Erabakiak harrabots handia eragin zuen, eta Emakundeko zuzendari ohiak ere aurka agertu ziren. 30 talde feministak baino gehiagok galdegin zuten Lehendakaritzara itzultzea, 1995eko Beijingo Konferentzian adostutako irizpideei jarraikiz: berdintasun organoak gobernuetako lehendakaritzetan kokatu behar zirela, politika publikoetan «zentralitatea» eta «genero zeharkakotasuna» bermatzeko.

Azken bi urteotan, bi erronka handi bideratu dituzte Emakundek eta Jaurlaritzaren Berdintasun Sailak: martxoan Berdintasun Lege berria onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, eta ekainean Berdintasunerako Herri Ituna abiatu zuen Jaurlaritzak. Prozesu horietan zehar, une batzuetan bigarren mailan geratu da Emakunde: itunaren aurkezpen ekitaldian, adibidez, Landaidak ez zuen hitzik hartu jendaurrean, nahiz eta Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburua bideo bidez mintzatu —COVID-19a hartuta zegoen—.

Tentsioak tentsio, publikoki zuhur mintzatu da beti Landaida. Otsailean BERRIAn egindako elkarrizketan adierazi zuen Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeak ez zuela eragin lehendakariaren konpromisoa ahultzea: «Honek ez du ekarri berdintasunarekiko konpromisoa murriztea, baizik eta kontrakoa: Emakunderen aurrekontuak, adibidez, gora egin du». Halaber, erabakiak atzera-buelta izan zezakeela erantsi zuen, legealdi amaierako balorazioa ikusita; «baina niri ez dagokit hori erabakitzea», zehaztu zuen.

Miren Elgarrestak, berriz, bigarren legegintzaldia du Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzan. Kargua hartzean, halere, erabaki eztabaidatu bat defendatu zuen: Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazka Berdintasun Zuzendaritzatik Bizikidetza Zuzendaritzara mugitu zuen; hala, aurreko agintaldian Bilduk abiatutako elkarrizketa prozesua urtu egin zen apurka. Ikusteko dago zer jarrera hartuko duen orain auzian: Emakundek beti babestu ditu Irungo alarde mistoa eta Jaizkibel konpainia parekidea, baina, Berdintasun zuzendari gisa, Elgarresta da ez urte hauetan herriotara joan aldarri parekideak sostengatzera.

Beste kargu aldaketak
Gazteria zuzendari berria ere izendatu dute. Agurtzane Llanok bete du orain arte kargua, eta Miren Saratxagak hartuko du. Zuzendaritza horri aparteko itzala emateko asmoa agerian utzi du berriki Jaurlaritzak, eta Lehendakaritzaren barruan sartu dute, Gizarte Trantsiziorako eta Agenda 2030eko Idazkaritza Nagusian. Amurriokoa (Araba) da Saratxaga, 1983an jaioa.
Hezkuntza Saileko Erregimen Juridikoko zuzendari Eneko Goenaga izendatu dute. Igone Martinez de Luna ordezkatuko du. Andoainen (Gipuzkoa) sortua da Goenaga, 1989an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.